Udalak udara begira antolatutako ESKU-LTU-RA Kultura Eskura programaren baitan, puntako hiru bertsolarik saioa eskainiko dute domeka honetan Lazarragako lorategian. Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Agin Laburu izango dira bertsotan arituko direnak, eta, bestalde, Amaia Agirre izango da gaijartzailea. 19:00etan hasiko dute bertso-saioa, eta joan nahi duenak aurrez hartu beharko du sarrera –doakoa izango da– Txokolateixan edota udal webgunearen bitartez. Edukiera mugatu egingo dute, segurtasun neurriak errespeta daitezen.
Ekitaldi gehiago
Herritarren gozamenerako, kultura ekitaldi gehiago ere antolatu dituzte asteburura begira.
Gaur, 19:00etan Ainhoa Larrañaga eta bere bandak kontzertua eskainiko dute Lazarragako lorategian, baina hori ikusteko sarrerak dagoeneko agortu dira. Bestalde, domeka goizean, Musika Bandaren kontzertua egongo da toki berean, eta horretarako sarrerak oraindik har daitezke ohiko tokietan. Bi emanaldi hauek ere doakoak izango dira, baina, segurtasunagatik, edukiera mugatu egingo du Udalak.
'Dama Beltzak' ere bai
Datorren eguenean, uztailak 23, Dama Beltzak proiektuaren baitan emanaldia eskainiko dute Estitxu Pinatxok eta Mikel Santxezek, iraultza eta borroka egin zuten bost emakume beltzi aitortza xumea egiteko asmoz. Joan den astean ziren egitekoak kontzertu hori, baina "egoerak behartuta" Udalak atzeratu egin behar izan zuen.