Ganbara eta Hots abesbatzak, Aitor Biainen zuzendaritzapean aritu dira eta Eric Whitacre-ren musikaz osatutako kontzertua eskaini dute, pianoan Amaia Zipitria lagun izan dutelarik.
Koronabirusak eragindako normaltasun berrira moldatutako emanaldia izan bada ere, Biain gustura azaldu da emanaldia amaitu ostean eta egun berezia izan dela ere aitortu du: "Klaustrora etorri gara, dena prestatzen hasi gara... Eta zuzeneko saio batean egongo bagina bezala sentitu gara. Horregatik, esperientzia polita izan da, baita emaitza ere".
Hurrengo proiektuak
Biainek azaldu bezala, Ganbara Faktoriak oporrak hartuko ditu uztailean, baina esku artean dituzten proiektuen berri eman du: "Ikasturtea indarrez hasteko, baditugu hainbat proiektu abendura bitartean, baina gehien bat 2021eko maiatzean Bulgariara egingo dugun bidaia hori lantzen hasiko gara, bertan abesbatzen arteko nazioarteko lehiaketa batean izango garelako".