Ekintza berezia antolatu du Ganbara Faktoriak, pandemia garai honetarako. Streaming bitartez, Kantuz zure etxean zuzeneko kontzertua eskainiko dute hain zuzen ere Ganbara eta Hots abesbatzek, Aitor Biainen zuzendaritzapean. Eric Whitacreren musikaz osatutako kontzertua izango da, eta pianoan Amaia Zipitria lagun izango dute abesbatzek.
"Ez da ohikoa horrelako kontzertuak eskaintzea, beraz gure publikoarentzako berritzailea dela uste dugu. Modu honekin, munduko edozein lekutatik ikusi ahalko dute kontzertua, barruan ez da publikorik izango-eta", azaldu dute antolatzaileek.
Kontzertua ganbarafaktoria.eus gunean, Ganbara Faktoriaren sare sozialetan eta goiena.eus-en jarraitu ahal izango da, doan.