"Normaltasun berrira" egokitutako jaiak ospatuko dituzte Trianan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko uzt. 8a, 07:44

Triana auzoa.

Eusko Jaurlaritzaren lege dekretua oinarri hartuta antolatutako jaiak izango direla diote Trianako jai batzordeak zein Udal Gobernuak; idatzi bana kaleratu dute gaiari buruz sortu diren zeresanen inguruan. Arduraz jokatzen ez bada ekintzak bertan behera geldituko direla ere badio jai batzordeak.

Asteburuan ospatuko dituzte auzoko jaiak Trianan. Horren aldeko apustua egin du jai batzordeak eta Eusko Jaurlaritzaren dekretua aztertuta egin dute proposamena jaiak ospatzeko. "Adibidez, Potx eta Lotx-en ikuskizuna eserlekuak jarrita izango da, hartu beharreko segurtasun tarteak hartuta jarriko dira eserleku horiek eta aforoa egongo da. Txosna ere egongo da, bai, baina dekretuak ostalaritzako establezimenduek edo tabernek terrazak jartzeko dituzten neurriak beteta izango da, ordutegia barne. Artisau azoka egiteko ere dekretuak jasotzen dituen neurriak hartuko dira kontutan", dio jai batzordeak.

Iñaki Olalde kultura batzordeburuak Udal Gobernuaren izenean sinatzen duen idatziak ere dio egingo diren "ekitaldi guztien nondik norakoak txosten batean jasota ekarri" dituela bilerara jai batzordeak: "egitaraua osorik, protokolo orokorra, ekintza bakoitzeko protokoloa eta aforoa, aforoaren planoak, tabernaren funtzionamendua (terraza formatua), tabernaren ordutegia, hesiekin mugatutako neurriak, eta abar luze bat. Hori guztia posible egiteko udal baliabideen zerrenda ere landu dute, eta halaxe jaso da eskaera Udalean". Jaurlaritzaren dekretuak jasotzen duena Udalak antolatzen dituen ekitaldietarako bakarrik balio al duten galdetzen du idatzian Olaldek, eta ezberdintasunik ez dagoela gaineratu: "zergatik ez auzo batek edo eragile batek egindako ahalegina eskertu? Zein da udalak eta Trianako jai batzordeak herritarren eskura jarritako egitarauaren arteko ezberdintasuna? Dekretuaren betebeharrei erantzuten diotenez, ez dago ezberdintasunik".

Txosna batzordea eta udala harremanetan egon dira jai hauen antolakuntza egin den bitartean eta dekretua beteko denaren hitzarmen bat ere egin dute.

Hartuko dituzten neurriak

Trianako jai batzordeko kideak badakite "ardura handiko erabakia" izan dela jaiak antolatzea. "Herritarrengan konfiantza osoa dugu batzordetik. Hori dela eta, errespetuz eta arduraz jokatzeko eskatzen dizuegu guztioi, guk ere hala egingo dugu, eta hori lortzeko lanean aritu gara azken hilabeteotan. Arduraz jokatzen ez bada, jaietarako antolatutako ekintzak bertan behera geldituko dira".

Egitarauari dagokionez, hartu dituzten neurriak zeintzuk diren ere azaldu gura izan du Trianako jai batzordeak, batez ere "herrian sortu diren kezkak" direla eta. "Eredu guztiz ezberdina eskaintzen da gure egitarauan. Uste dugu, herritarron kezka asko aurtengo jaien planteamendua ondo ez ezagutzetik eratorri daitekeela, beraz, hartutako neurri eta puntu batzuk azpimarratu nahi ditugu, ahalik eta argien gelditu daitezen"

  • Jaien erabilerarako ezarritako eremua hesiez inguratuta egongo da. Jai Batzordea eremura sarbidea emateaz eta barruan higiene zein segurtasun neurriak bermatzeaz arduratuko da.
  • Legearen arabera, eremuan %60ko aforoa baimendua dago, hala ere, distantzia handiagoak bermatzeko, gehienez %40ko aforoa egongo da (3.fasean zegoen berdina).
  • Eremu guztian zehar maskara jantzita izatea derrigorrezkoa izango da 1,5 metroko distantzia mantendu ezin denean.
  • Mahaietan eserita egonez gero, maskara ez da derrigorrezkoa izango.
  • Beste behin ere, distantziak mantentzen direla ziurtatzeko, mahaiak beraien artean 2 m-ko distantziara jarriko dira gutxienez, legearen arabera 1,5 m-tara jarri daitezkeen arren. Mahaiak ezingo dira mugitu, distantziak bermatzeko. Mahaiak eta aulkiak desinfektatuko dira.
  • Eremu barruan egon ahal izateko ezinbestekoa da esertzeko aulkia izatea.
  • Sarreran, irteeran, zein txosnan eskatu aurretik eskuak garbitzea derrigorra izango da eta horretarako gel desinfektantea egongo da.
  • Momentu oro jai batzordeko bi kide egongo dira sarreran, aforoa mantentzen dela ziurtatzeko.
  • Momentutan ez bada jarrera egokia erakusten, ordea, ekintza bertan behera geratuko da, txosna itxiz eta kontzertuak etenez.
  • Txosna 1:00etan itxiko da (egitarauan jarrita dagoen moduan), gainontzeko ostalaritzako establezimenduak bezala, 1:30etan terraza itxita egon dadin.
  • Ekintza guztietan zehar osasun eta segurtasun neurriak betetzeaz arduratuko gara

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak