Esteban Urzelai: "Ilusioz hartu dut Oviedoko Operaren abesbatzaren zuzendaritza"

Jone Olabarria 2020ko uzt. 4a, 13:17
Oñatiko Ganbara Abesbatzarekin hasi zuen ibilbidea Urzelaik. Irudia: AEDCORO

Oñatiarra uztail amaieran hasiko da denboraldiko entseguetan Oviedoko Operaren abesbatzarekin. Orain arte, Donostiako Orfeoiko zuzendariordea izan den Urzelaik Oviedoko Operaren koruan zuzendari izan den Elena Mitrevska ordezkatuko du uztailetik aurrera. "Ilusio handiarekin" dagoela azaldu du.

Suediako Malmöko Operako abesbatzako zuzendari berria izendatu berri duten Elena Mitrevska ordezkatuko du Esteban Urzelai oñatiarrak Oviedoko Operaren abesbatzaren zuzendaritzan. Oñatiko Ganbara Abesbatzarekin hasi zuen bere ibilbidea abesbatzen zuzendaritzan Urzelaik; 1996tik 2009ra bitartean aritu zen bertan eta hainbat sari jaso zituen, horien artean 2004an Abesbatzen Sari Nagusia irabazi zuen. Orain arte, Donostiako Orfeoiko zuzendariordea izan da, 2007tik.

"Ilusioz" hartzen duen erronka

"Ilusio handiarekin nago, gogotsu esperientzia berria izango dena hasteko. Abesbatzen munduan urte asko egin ditut, baina egia da antzeztutako operan ez dudala lanik egin", azaldu du Urzelaik, eta gehitu du: "Orfeoiarekin sarritan abestu izan ditugu operak, baina ez antzeztuta".

Momentuz hilabete batzuetarako izango da operako abesbatzaren zuzendaria: "Sei opera zuzenduko ditut". Abesbatzako arduradun egoteaz gain, orkestrako zuzendariaren laguntzailea ere izango da. "Lana lepo izango dut baina gogoz hartzen dudan erronka da", dio Urzelaik.

Oviedoko operaren arabera, Esteban Urzelai datorren denboraldirako entseguetara batuko da uztail amaieran. Abesbatzak ekainaren erdialdean hasi zituen entseguak, Mitrevskaren zuzendaritzapean, eta segurtasun- eta higiene-neurri zorrotzak hartu zituen. Aurreikusitakoaren arabera, Maurice Ravelen L'heure espagnole eta Francis Poulencen Les mamelles de Tirésias saio bikoitzarekin estreinatuko da Urzelai, Campoamor antzokian, irailaren 6an.

Ibilbide oparoa

Donostiako Orfeoiaren (Haur eta Gazte Orfeoia) harrobiaren zuzendaritza hartu zuen 2004. urtean eta Ejea de los Caballeroseko abesbatza lehiaketako gazteen mailako lehen saria lortu zuen 2016an, baita polifonia eta folklore modalitateetako lehen saria, ikusleen saria eta zuzendari onenaren saria IV. Nafarroako "Acapella" abesbatza lehiaketan. 2016 eta 2019 urteen artean Euskadiko Gazteen abesbatza zuzendu zuen, eta 2018tik ahots grabeak batzen dituen Suhar abesbatzaren burua da.

Esteban Urzelai Industria Antolaketako ingeniaria da, pianoko goi-mailako tituluduna da Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan, baita abesbatzen zuzendaritzan Musikenen, Gabriel Baltés maisuarekin. Orkestra Zuzendaritza ikasketak ere egin zituen Arturo Tamayo maisuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak