Kirol elkartearen egoitzan bilduko dira, 19:30ean, urteko ohiko batzarra egiteko. Hasteko, aurreko akta irakurri eta onartuko dute. Gero, denboraldi honetako kirol balantzea egingo dute. Horren harira, Jabi Agirre futbol saileko komunikazio arduradunak aurreratu du balantzea "positiboa" dela, talde nagusia mailaz igo delako: Erregional Preferentetik, Ohorezko Erregionalera. "Pandemiaren eraginez ez genekien Federazioak zein erabaki hartuko zuen; eta, beraz, pozik gaude emaitzarekin". Gainontzeko taldeek ere "lan ona" egin dutela nabarmendu gura izan du Agirrek.
Kirol balantzea ez ezik, ekonomikoa ere "positiboa" dela adierazi du; 1.500 euroko superabitarekin amaituko dute denboraldia, eta babesleen ekarpena "eskertu" gura dute. Aurrera begira, taldea mailaz igotzeak "aldaketa esanguratsurik" ez duela eragingo uste du.
Halere, azaldu du datorren denboraldian bazkideen kuotarekin nola jokatu ere izango dutela berbagai batzarrean. Hain justu, aitortu du bailarako beste talde batzuekin harremanetan jarri direla, euren jokatzeko modua ezagutu eta datorren urteko bazkide kuotan "murrizketaren bat" aplikatzeko aukerarik ba ote dagoen jakiteko.
Obrak, hastear
Denboraldia irailean edo, beranduenez, urrian hastea espero du arduradunak; eta ordurako Azkoagaingo obrak amaituta egotea gurako lukete. Zehazki, azaldu du zelai inguruko sarea eta argiteria aldatu berri dutela, baina datozen asteetan hasiko direla aldagela zaharrak eraitsi eta berriak egiteko lanetan.