Oñatiko entitateak ere hasi dira Euskaraldira batzen

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko uzt. 3a, 09:45

Oñatiko Euskaraldia batzordeko kideak. (Argazkia: Euskaraldia Oñati)

Dagoeneko herriko hamabost enpresa, erakunde eta elkartek agertu dute Euskaraldian parte hartzeko asmoa; seitan identifikatuta dituzte ariguneak. Herriko eragileei eta komertzioei ere gauza bera egiteko eskatuko die herriko batzordeak.

Oñatiko Euskaraldia batzordea ari da lanean herriko entitateak egitasmora batzeko. Dagoeneko herriko hamabost enpresa, era-kunde eta elkartek agertu dute Euskaraldian parte hartzeko asmoa. Baina gehiago ere izan daitezke, batzordeko kideek jarraitzen dutelako Euskaraldiaren zabalkundea egiten.

Irailaren 27ra arte

"Euren atxikimendua eman duten entitate horietako seik dagoeneko identifikatu dituzte ariguneak, euskaraz aritzeko espazioak. Besteek konpromisoa erakutsi dute eta gune horien identifikazio lanetan ari dira orain", adierazi du Oñatiko Euskaraldia batzordeko kide Xabier Zabaletak. COVID-19a dela-eta irailaren 27ra arte luzatu da entitateen izen-ematea, eta batzordeak gutunak prestatu ditu herriko eragileen, erakundeen, enpresen edo bestelako talde eta negozioen artean banatzeko. Ahalik eta zabalkunde handiena egingo dutela adierazi du Zabaletak, eta eurekin harremanetan jartzeko bidea ere eskaini du: onati@euskaraldia.eus. "Informazioa eskatzeko zein batzordeko kide izateko ere erabil daiteke".

Pandemiaren eragina

COVID-19 birusak izan du eragina Euskaraldian ere. Batzordeak lanean jarraitu duen arren, ez dituzte pentsatutako gauza guztiak egin ahal izan. "Bagenuen asmoa, adibidez, aurrez aurreko aurkezpenak egiteko herriko enpresa edo bestelako erakundeen aurrean, baina ezin izan ditugu egin. Agerraldi ireki bat egitea ere pentsatuta genuen, baina hori ere ez da posible izan", dio Xabier Zabaletak.Hala ere, batzordeak lanean jarraitzen du modu batera egin ezin dituen horiek beste modu batera egiteko edo beste zerbait antolatzeko. Orain, esaterako, herriko zerbitzuekin egon gura dute, dendak, tabernak eta bestelako negozioak Euskaraldira atxikitzeko eskatzeko. "Egoera delikatua da, eta, agian, kosta egingo da dendak eta negozioak aktibatzea, baina orain artekoa ondo joan da, ondo erantzun digute egon garen komertzioetan, eta horrela jarraituko duen esperantza dugu". Bizpahiru aste barru argazki sortekin muntaia bat egiteko asmoa ere badute.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da aurtengo Euskaraldia ariketa. Orain, entitateen izen-ematea egingo da, eta gero etorriko da norbanakoen, herritarren, txanda. Urritik aurrera herritarrek esango dute ahobizi edo belarriprest izango diren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak