Xabier Gurutz San Jose: "Nahiko ondo hasi dugu bainu denboraldia"

Maialen Santos 2020ko eka. 26a, 12:31

Aste honetan ireki dira kanpoko igerileku, ur-parke eta bestelako bainurako tokiak. Usakon, astelehenean hasi zuten bainu denboraldia, baina neurri bereziak hartuta.

Xabier Gurutz San Jose astelehenaz geroztik ari da Usakon, sorosle. Beste sorosle bat eta zaintzaile bat izango ditu lagun udan, segurtasuna eta neurriak mantendu daitezen.

Nolakoak izan dira lehen egunak?

Nahiko ondo hasi garela esango nuke. Goiko aldean –zelaia– egoten den jendeak harritu gaitu gehien; ikusi dugu nahiko ondo errespetatzen direla arauak. Putzuan zailagoa da neurriak betetzea; jende gehiago pilatzen delako eta azkar betetzen delako ingurua. Halere, guk badihardugu gomendioak eta abisuak ematen.

Nola antolatzen zarete?

Aurten, bi sorosle eta zaintzaile bat arituko gara Usakon. Sorosleetako bat 15:00etan etortzen da eta bestea, 16:00etan. Zaintzailea, ostera, goiko zelaian egoten da, gune hori kontrolpean izatea baita bere zeregina. 21:00ak arte izaten gara lanean.

Zeintzuk dira bete beharreko arauak?

Arau logikoak dira, eta, normalean, jendeak, badakizki. Pertsonen artean gutxienezko metro eta erdiko distantzia utzi behar da, eta toalletan kuadrilla handietan ez egoteko eskatzen dugu. Txakurrek lotuta egon behar dute, bestalde, eta bizikletak kanpoan utzi behar dira lotuta. Azkenik, surik ezin da egin.

Zerbait gertatuz gero, nola jokatu behar duzue?

Zerbait larria gertatuz gero, uretara sartu beharko dugu, jakina. Norbaitek zauriren bat egiten badu, maskara eta eskularruak jarrita artatuko dugu. Materiala badaukagu, eta posible den guztietan distantziak mantentzen saiatuko gara gu ere. Bide batez, bainulariei eskatzen diegu gugandik ere metro eta erdira egon daitezela.

Formakuntzarik jaso duzue?

Bilera bat egin genuen Udaleko ordezkariekin eta Egoitek-eko arduradunekin. Prebentzio neurriak zeintzuk diren azaldu zizkiguten, eta baita nola jokatu behar dugun ere. Edozein zalantza dugula, badakigu nora jo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak