ESKU-LTU-RA Kultura Eskura programaren barruan kontzertua eskainiko dute gaur Ganbara eta Hots abesbatzek. 22:00etan hasita arituko dira, San Migel parrokian eta Uraren doinuak izenburua daraman emanaldia eskainiko dute bi abesbatzek elkarrekin. Lazarragako edukiera mugatu egingo dute, eta, horrenbestez, emanaldiaz gozatu gura duenak sarrerak aurrez eskuratu beharko ditu, udal webgunearen bitartez edota Txokolateixan.
'Baldin bada' ikuskizuna
Shakti Olaizolaren eskutik, uztailaren 1ean, datorren eguaztenean, egingo dute familiei zuzendutako akrobazia emanaldia, eta Olaiturrin izango da, 19:00etan. Honetarako ere edukiera mugatu egingo dute; eta beraz, sarrerak aurrez hartu beharko dira ohiko tokietan.
Zinema, eguenean
Uztailaren 2an, eguenean, bestalde, aire libreko zinema egongo da, plazako pilotalekuan, 22:30ean hasita. La mujer de la montaña filma eskainiko dute. Ekainaren 12an ziren eskaintzekoak film hori, baina eguraldi txarrarengatik uztailera atzeratu behar izan zuten hitzordua. Aire libreko zinema izan arren, ikusleen edukiera mugatu egingo dute. Filma ikusi ahal izateko sarrerak aurrez eskuratu beharko dira Txokolateixan edota www.oñati.eus webgunean. Ekainaren 19an, Black is beltza filma eskaini zuten aire libreko zineman. Gauzak horrela, uda honetan modu horretan eskainiko duten bigarren filma izango da honako hau.