Luis Calvo: "Oñatin hostopilezko gozoak eta pastak saldu ditut gehien"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko eka. 25a, 12:23
Luis Calvo Hernandez

Oñatin zapatuetan egiten den azokan egon da astero, azken 19 urtetan, pastak saltzen Luis Calvo ordiziarra. Erretiroa hartuko du eta zapatuan etorriko da azkenengoz azokara.

1972an hasi zen lantegian lanean. Dendarik denda hasi zen gero gozoak saltzen, eta azken 34 urteetan azokaz azoka ibili da gauza bera egiten. Oñatira hemeretzi urtean etorri da.

Hemeretzi urtez jarraian etorri zara Oñatira. Zer moduzko azoka da hemengoa?

Ona. Gorabeherak egoten dira, baina azoka ona da, bai, ondo saldu izan dut.

Zer saldu duzu gehien?

Hostopilezko gozoak eta kafearekin hartzeko pastak. Opilak ere bai.

Harremanak ere egin dituzu beste saltzaileekin eta bezeroekin?

Bai, bai. Bezero asko, %80 edo, asterokoak dira. Urte hauetan konfiantza sortu da gure artean. Inoiz gertatu izan zaio bati baino gehiagori pastak ordaintzeko adina diru ez izatea, baina eraman dituzte pastak etxera eta hurrengo astean ordaindu dizkidate. Azokako beste saltzaileekin ere harreman ona egin dut, bai.

Beste zein herritako azoketara joan zara astero?

Astelehenetan, Lazkaokora; martitzenetan, Villabonakora; eguaztenetan, Ordiziakora; egubakoitzetan, Legazpira; zapatuetan, Oñatira; eta domeketan, Errenteriako Beraun auzora (hara 22 urtez). Eguenetan bakarrik hartzen dut atseden.

Errepideak ere ondo ezagutuko dituzu, ezta?

Furgoneta bakarrik joaten dela esan daiteke. Zorionez, ez dut istripurik izan inoiz.

Erretiroa hartzea erabaki duzu orain. Beste fase bat hastera zoaz.

Beste urtebetez lanean jarraitzea zen nire asmoa, baina egoera ez da txantxetarakoa, zaindu egin behar dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak