Gaur irekiko dute Eltziako gimnasioa. Hiru gelatan antolatu dute eta zortzi eta hamabi erabiltzaile artean egon ahal izango dira batera, kasuan kasu. Bertara joan ahal izateko txanda hartu beharko da aurrez, kiroldegietako harreretan edota 943 71 63 75 telefonora deituta. Egunetik egunera egin ahal izango da erreserba, eta, erabilera egin ondoren, hurrengorako eskaera egun bat pasa ondoren egin ahal izango da. Bestalde, 13:30etik 15:00etara itxiko egingo dute gimnasioa, garbitu eta desinfektatzeko.
Lehen astea, positiboa
Joan den astean ireki zuten Zubikoako kirol-gunea, eta lehen egunetan jendea "mugitzen hasia" dela azaldu du Oskar Carrascal Kirol teknikariak, "pixkanaka bada ere". Esaterako, Aloña Mendiko Pilota sailekoak hasiak dira entrenamendu saioak Zubikoako pilotalekuan egiten, eta spinning gelari erabilera ematen hasi denik ere badago. Tenis pistak ere erabiltzen direla azaldu du Carrascalek.