Bakarrizketa saioak irekiko du gaur, 'ESKU-LTU-RA Kultura Eskura' programa

Maialen Santos 2020ko eka. 5a, 10:17

Barry Manley bakarrizketalari irlandar-euskalduna, showa eskaintzen ari dela. (Argazkia: Barry Manley)

'ESKU-LTU-RA Kultura eskura' programa jarri du abian Udalak, udara begira. Egitarau oparoa antolatu dute; doako ekintzak egingo dituzte, baina edukiera mugatuarekin. Barry Manley bakarrizketari irlandar-euskaldunak irekiko du egitaraua, gaur gauean.

Oñatiko udaletik ESKU-LTU-RA Kultura eskura programa osatu dute ekainera, uztailera eta abuztura begira, eta zenbait ekintza antolatu dituzte hilabete horietarako. Udaleko Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek azaldu duenez, Kalean egitasmoaren "espiritua" gordetzen saiatu dira egitarauaren bitartez: "Orain arte, kultura ekitaldirik ez da egon, eta, nolabait, galdutakoa berreskuratu gura dugu". Gaineratu duenez, urteko sasoi honetan auzoetako jaietan kontsumitzen da kultura, eta, horien faltan, programa honen bitartez "aktibatu" gura izan dute, baita herritarren "eskura" jarri ere. Bide batez, kulturara bideratzeko aurrekontuetan zehaztutako diru partidak baliatuko dituzte udarako egitaraua osatzeko. Ekintza gehienak aire librean egingo dituzte –espazio ezberdinetan– eta guztiak doan izango dira. Edozelan ere, edukiera "mugatu" egingo dute; arrazoi horregatik, ekintza guztietarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira, www.oñati.eus webgunean edota Txokolateixan.

Bakarrizketa saioa, gaur

ESKU-LTU-RA Kultura eskura programari ekiteko, gaur, 22:00etan, umorezko bakarrizketa saioa eskainiko du Barry Manleyk, Santa Ana aretoan. Irlandarra jaiotzez, Euskal Herria du orain bizitoki bakarrizketariak, eta "euskaraz bizi" gura duela azaldu dio GOIENAri; euskaraz egiten ditu show-ak. Aitortu duenez, "ohorea" eta "pribilegioa" da Udako Kultura agenda zabaltzea, eta dio konfinamenduaren ostean egingo duen lehenengo saio presentziala izango dela, online bidez jardun baita orain artean: "Baikorra naiz, eta jendearen erantzuna ona izango delakoan nago. Hala izatea espero dut". Bakarrizketak egiten hamar urte daramatzan arren, kantuen sorkuntzan ere badihardu irlandar-euskaldunak, eta horiei, berak sortutako letrak jartzen dizkio. Hain justu, kantuek ere izango dute tokia gaurko saioan; izan ere, bost kantu inguru eskainiko ditu emanaldian zehar –lau euskaraz eta bat gaelikoz–, eta kanta bakoitzaren ostean horri lotutako istorio bat kontatuko duela aurreratu du, "umoreaz baliatuta". Azaldu duenez, Euskaraldiari buruzko kanta batekin hasiko du bakarrizketa, eta, barre eragiteaz gainera, ikusleak "hausnarketara" bultzatzea izango du helburu.

ESKU-LTU-RA egitaraua

  • Ekainak 10 Tuppersex eta ipuin erotikoak lantegia, Virginia Imaz eta Inma Merinorekin. Zine aretoan, 17:30ean.
  • Ekainak 12 Aire libreko zinema: La Mujer de la Montaña. Plazako pilotalekuan, 22:30ean.
  • Ekainak 14 Musika Banda eta txistulariak. Larrazagako lorategian, 13:00etan.
  • Ekainak 18 Solasaldia: Miñan liburua. Amets Arzallus eta Ibrahima Balderekin. Zine aretoan, 19:00etan.
  • Ekainak 19 Aire libreko zinema: Black is beltza. Plazako pilotalekuan, 22:30etan.
  • Ekainak 26 Ganbara eta Hots abesbatzak: Uraren doinuak. Lazarragako lorategian, 22:00etan.
  • Ekainak 27 Musika Eskola: Herrixa Kantuan. Plazan, 12:30ean.
  • Uztailak 1 Baldin bada familientzako ikuskizuna, Shakti Olaizolaren eskutik. Olaitturrin, 19:00ean.
  • Uztailak 5 Bakarrizketa: El Chef. Lazarragako lorategian, 19:00etan. • Uztailak 8 Kontzertua: Dama Beltzak. Lazarragako lorategian, 19:00etan.
  • Uztailak 17 Kontzertua: Ainhoa Larrañaga eta banda. Lazarragako lorategian, 19:00etan.
  • Uztailak 19 Musika Banda eta bertso saioa. Lazarragako lorategian, 13:00etan eta 19:00etan.
  • Uztailak 26 Eleder magoa. Lazarragako lorategian, 17:00etan.
  • Uztailak 30 Kontzertuak: Bizarro eta Sharon Stoner. Gaztelekuan, 22:30ean.
  • Abuztuak 30 Zinemaz blai familientzako ikuskizuna, Zirika Zirkusen eskutik. Errementeri plazan, 19:00etan.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak