Eskola Kirolaren azken jaia bihar da Zubikoan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 28a, 13:33
Hainbat ume eskola kiroleko saio batean pasa den abenduan

Konfinamendu egoerara egokituta, urteko egutegia bete egin du Oñatiko Eskola kirolak, eta bihar, egubakoitza, azken jaia egingo dute Zubikoako kantxa urdinean. Txandaka sartuko dira umeak eurendako bereziki prestatuko oparitxoa hartzera.

Ikasturte amaierako azken festarekin amaitu izan da urtero Oñatiko Eskola Kirola, eta aurten ere horrela izango da. Festa, baina, ezohiko egoera honetara moldatuta egongo da, azkeneko asteetako jardunak bezala. "Berme guztiekin egingo da", dio Rosa Lasagabaster teknikariak.

532 ume ikasturtean

Lau txoko ezberdinetan mahaiak eta umeen maila adierazten duten kartelak jarriko dituzte. "Ume bakoitza dagokion txokora joango da eta han eurendako bereziki prestatu dugun poltsa bat jasoko dute. Sarrera eta irteera ezberdinak izango dira, zapatuetan azoka egiten den moduan, berdin. Eta barrura sartzeko ilaran egon beharko dute, eta txandaka sartu. Ez da jende pilaketarik egongo kantxa barruan, azokan egiten den moduan funtzionatuko dugu guk ere", azaldu du Lasagabasterrek.

Umeak ez ezik, gurasoak ere gonbidatuta daude azken jai honetara. Baita Udaleko, Aldundiko, Aloña Mendiko eta bestelako elkarte eta erakunde ezberdinetako ordezkariak ere. "Guztion arteko proiektua da Oñatiko Eskola Kirola, eta, beste urteetan egin dugun moduan, aurten ere gonbidatu ditugu etortzera eta gurekin batera umeei oparitxo bana banatzera".

HH-5etik LH-6ra bitarteko 532 ume ibili dira aurten Eskola Kirolean, eta guztiendako egongo da opari bana. 12:00etatik 13:30era HH-5etik LH-2ra bitartekoak joango dira; eta 16:00etatik 18:30ak artean LH-3 eta LH-6 artekoak. Ordutegia, dena dela, 10:00etatik 19:30era zabaldu dute, malguagoa izan dadin, baina ahal dela bakoitza dagokion ordu tartean joatea eskertuko dute.

Balorazio positiboa

Oñatiko Eskola Kirolak egutegiari eustea erabaki zuen eskolak eten zirenean. "Uste dut erabaki ona hartu genuela, pozik nago hori egin izanaz. Egutegiari eutsi diogu eta saiatu gara zapatu guztietarako kirol proposamen ezberdinak egiten umeei eta gurasoei. Egia da ez dakigula zenbatek jarraitu duten egiten, baina badakigu harrera ona izan duela. Gainera, proposamenak eta erronkak prestatzerakoan kirol talde ezberdinen laguntza jaso dugu. Esaterako, Oñatiko Orientazio Eskolarena, Arrasateko Rugby Taldearena eta boleiboleko federazioarena, adibide batzuk aipatzearren. Sekulako laguntza izan dugu, jendeak jarrera ona izan du, bat egin du egitasmoarekin, eta hori oso pozgarria izan da", dio Eskola Kiroleko udal teknikariak.

Bihar bukatuko da aurtengo programa eta datorren urteari begira jarriko dira laster, zer eta nola antolatu pentsatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak