100 familiatik gora daude elikagai beharrean Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 24a, 10:49

Elikagaien Bankuko boluntarioak Ausolanek emandako menuak banatzen.

Elikagaien bankuaren erabiltzaile kopurua gora doa astetik astera Oñatin; 109 familiak, 282 lagunek, erabiltzen dute gaur egun. Laster, elikagaien bilketa egingo dute herriko supermerkatuetan eta bestelako janari dendetan.

Elikagaien Bankua 109 familiak erabiltzen dute egun. Kopuru hori azken aste hauetan handitu egin dela diote bertako boluntarioek; 282 lagunetaraino iritsi da aste honetan. Gehiago ere egon daitezkeela uste dute, eta beharra duten denei joateko gonbidapena egin diete. Egun batzuk barru, gainera, janari bilketa egingo dute Oñatin.

Ezohiko funtzionamendua

Oraindik ez dakite elikagaiak eskura hartuko dituzten bilketa horretan, edo kaxa handiak bakarrik jarriko dituzten eta gero batzera pasa. Segurtasun neurriak betetzen dituztela egin gura dute bilketa, eta nola egin ari dira aztertzen orain. "Herriko supermerkatuetan egingo dugu, baina bestelako janari dendetan ere bai; fruta-dendetan eta okindegietan, esaterako. Janaria behar duen jendea dago Oñatin, eta laguntzeko gaude", dio Elikagaien Bankua antolatzen duen Acesma elkarteko Ibis Rodriguez boluntarioak.

Rodriguezek azaldu duenez, Elikagaien Bankuak ez du oraindik lehen bezala funtzionatzen, baina jarraitzen dute martitzenetan eta egubakoitzetan janaria banatzen. "Boluntario gehienak edadetuak dira eta horiek ezin dituzte horrelako lanak egin orain, zaindu egin behar dute eta. Baina besteon artean ari gara moldatzen zerbitzua eskaintzeko. Caritas elkartekoekin, CEAR-ekoekin eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileekin ari gara elkarlanean, eta beharra duten guztiengana heldu gurako genuke. Dena dela, norbaiti egokitzen bazaio elikagaien beharrean egotea, etortzeko esan gura diot, lasai etortzeko". Konfinamendua hasi zenetik, 7.000 kilo janari baino gehiago banatu dituzte.

Eguneko menuak

Ausolan kooperatibak eguneko menuak prestatu ditu Elikagaien Bankuko erabiltzaileen artean banatzeko, eta horiek ematen dihardute aste honetatik Oñatin ere. "Patata kilo mordoa ere jaso genuen, 2.400 kilo, beste bide batetik, eta Ausolanek prestatutako menuak ere iritsi zaizkigu. Oso pozik gaude. Menu horiek egunero ari gara eskaintzen. Ilara luzeak egin dira azken egunetan menu horiek hartzeko. Herriko dendek ere asko laguntzen digute, kilo asko heltzen zaizkigu bertako janari dendetatik, eta oso pozgarria da hori", dio Ibis Rodriguezek. Ausolanen ekimen horrek bi hilabete iraungo du. Ibarran duten biltegian egingo dituzte janarien banaketak aurrerantzean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak