Julen Carr: "Ez genuen espero igoera horrela lortzea"

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mai. 23a, 17:11
Julen Carr oñatiarra

Oñatiko Ingou Aloña areto futbol taldeak kategoria bat gorago hasiko du datorren denboraldia. Hiru maila daude Gipuzkoan areto futbolean, eta bigarrenean jokatuko dute oñatiarrek hu-rrengo denboraldian. Julen Carr (Oñati, 2000) taldeko jokalarietako bat da.

Senior mailako taldea sortu, mailaz igotzeko helburua jarri eta lortu egin du Ingou Aloña areto futbol taldeak. Maila horretan jokatzeko indartsu daudela diote.

Zorionak!

Eskerrik asko.

Nola jaso duzue albistea?

Aloña Mendiko futbol taldea igo zela jakin genuen lehenengo. Pentsatu genuen areto futbolean ere hartuta izango zutela erabakia, eta bai, taldeko presidenteak mezu bidez baieztatu zigun igoera.

Ez da izan, baina, espero zenuten moduko igoera izan.

Bigarren itzulia aurrera zihoa-la eten zen liga. Lehen postuetan hiru talde indartsu geunden, Ttakun, Anoeta eta Ingou Aloña, eta hiruron arteko lehia irabazteko ametsa genuen eginda, egia esan, baina, hala ere, oso pozik gaude igoerarekin, bai. Bestela, sailkapeneko lehen lau taldeen artean play-off bat jokatuko ge-nuen, eta irabazlea igoko zen mailaz.

Badaezpada, entrenamenduekin jarraitu duzue.

Bai, hala da. Ligak jarraituko zuela eta noizbait jokatzera itzuliko ginela uste genuen, eta prestatzen aritu gara, bai. Baina egun ere entrenatzen jarraitzen dugu, e? Astean hirutan bideo-deien bidez egiten ditugu entrenamenduak, eta gero, korrika egitera ateratzen gara. Kantxan aritzeko gogoa dugu, baina, guztiok, eta behar hori ahalik eta azkarren bete gurako genuke.

Sei urtez ordezkaritza gabe egon ostean, senior mailako taldea sor-tu zenuten aurtengo denboraldian. Ondo hasi da talde berria.

Bai, oso ondo. Egia esan, denboraldi hasieran, mailaz igotzeko helburua jarri genuen; areto futbolean jokatu eta mailaz igo. Eta lortu dugu. Partidu guztietan gure jokoa egitera atera gara, areto futbolean aritzea helburu bat buruan dugula, eta kategoriaz igotzea lortu dugu.

Areto futbolerako gogoa bazegoen, beraz, herrian.

Bai, bai. Gazteen mailan oso jokalari onak zeuden, oso talde indartsua zen, eta horiekin eta berriak ziren beste batzuekin egin da senior taldea. Ondo ibili gara.

Arrasateko Mondrate taldea ere horrela sortu zen.

Eta Gipuzkoako lehen mailan daude orain. Ea guk ere ibilbide bera egiten dugun.

Nolako taldea da Ingou Aloña?

Oso talde ona da. Teknika handia duen taldea da eta jokalariak ondo gaude fisikoki. Gainera, jokoan kontzentratzen gara, geure jokoa egiten dugu inongo saltsatan sartu barik, eta emaitza ona eman digu horrek guztiak.

Denboraldi berrian Gipuzkoako bigarren mailan jokatuko duzue. Zer esan nahi du horrek?

Horrek esan nahi du aurkari izango ditugun taldeak oso lehiakorrak izango direla, aurtengoak baino hobeak, eta euren parean egon behar dugula.

Denok jarraituko duzue?

Baietz uste dut. Hori da, behintzat, oraingo asmoa. Posible da norbaiti ezin jarraitua suertatzea edo entrenatzaileak aldaketa batzuk egitea, baina, oraingoz, aurtengo berdinak izango gara hurrengo denboraldian.

Zein izango da zuen helburua?

Kirol emaitzei begira, ez dakit zer esan, baina ziur nago aurtengo gogo berarekin jokatuko dugula eta gure arteko giroari eustea izango dela helburuetako bat. Uste dut giro horrek aurten ere asko lagundu digula gure onena ematen.

Animo handiak jasotzen dituzue Zubikoako kantxan?

Bai. Lagunak eta senideak etortzen dira gu animatzera.

Noiz ospatuko duzue igoera?

Ba, auskalo, baina argi dugu ganoraz ospatuko dugula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak