Eider Egaña: "Sekulakoa izan da Lehen Mailara igotzea"

Oihana Elortza 2020ko mai. 16a, 08:50
Eibar taldeko atezain Eider Egaña Bikuña oñatiarra (Argazkia: Javi Luzuriaga)

Futbolzalea da Eider Egaña. Aloña Mendin ibili da eta Eibarren egin ditu azken lau denboraldiak. Konfinamenduan, etxean, jaso zuen Lehen Mailara igo ziren notizia Eider Egañak. Oraindik sinetsi ezinik, "behar bezala" ospatzeko gogoz dago.

Konfinamenduan, etxean, jaso zuen Lehen Mailara igo ziren notizia Eider Egañak (Oñati, 2002). Oraindik sinetsi ezinik, "behar bezala" ospatzeko gogoz dago. Lehen Mailari eusteko moduko taldea dutela uste du.

Zorionak!

Eskerrik asko.

Lehen Mailan jokatuko duzue datorren urtean. Handia da gero, ezta?

Sekulakoa, bai.

Etxean zinela jaso zenuen notizia. Zer egin zenuen hori jakitean?

Negar. Entrenamendu saio baten izan zen. Jokalari guztiok geunden etxean, entrenamendua telematikoki egiten, konektatuta; bat-batean, Eibarko presidentea agertu zen. Hark baieztatu zigun mailaz igo garela eta Lehen Mailan jokatuko dugula datorren denboraldian. Uste dut denok egin genuela negar, pozarren.

Denboraldi ona egin duzue, eta gerta zitekeen hori, ezta?

Bai, ondo joan da, eta gero eta gertuago ikusten genuen aukera hori. Denboraldia etenda zegoenean zurrumurruak ere bazeuden, baina ziurtasun hori falta zitzaigun. Denboraldiarekin zer gertatuko zen ez genekiela pasa ditugu aste batzuk. Agian, jarraipena izango zuela uste genuen, eta horretarako entrenatzen ibili gara aste hauetan ere etxetik, erritmo onean bueltatu eta lehiatzeko. Baina jada ofiziala da, bai.

Azken momentura arte jarraitu duzue entrenamenduekin, beraz.

Bai, bai. Asteko entrenamenduak lehen bezalakoak izan dira; astean bost aldiz elkartu gara denok batera entrenatzeko. Pixka bat motzagoak izan dira, agian, denbora aldetik.

Nolakoa da zure aste arrunt bat?

Berrizen entrenatzen gara, astean lautan. Iluntzean izaten dira entrenamenduak, eta etxera orduko, nahiko berandu. Gurasoen pazientzia lagungarria izan da bidaia horiek egiteko.

Entrenamendurik ez duzun egunetan, eguaztenetan, Azkoagainera joaten zara, Aloñako atezainak entrenatzera. Eta asteburuetan Aloñako partiduak arbitratzera.

Bai. Atezain mutilak entrenatzen zituen lagun bat nuen ikaskide. Neskak ere hasi zirela esan zidan, eta laguntzeko prest egongo nintzatekeen galdetu. Ez dut entrenatzaile titulurik, baina dakidana erakusten saiatzen naiz. Eta arbitro lanak ere antzera; futbola gustatzen zait.

Eider Egaña Bikuña futbol atezaina, Unben (Argazkia: Javi Luzuriaga)

Beharrezkoa da atezainek euren entrenatzaile propioa izatea?

Uste dut baietz. Atezainok beste bizitzeko era bat dugu, eta partidua ikusteko era hori, erantzukizuna sentitzeko modu hori hobeto ulertzen du atezainen entrenatzaileak entrenatzaile orokorrak baino. Mikel Saizarrekin entrenatzen naiz ni, zorte handia dut. Bera oraindik jokalaria da, eta hori plus bat da. Saio batzuk berarekin eta beste batzuk entrenatzaile orokorrarekin, Iker Dorronsororekin, egiten ditut, talde bat gara eta.

Talde kontzeptu hori asko landu duzue, ezta?

Bai, eta uste dut hori dela gaurko egoeraren gakoa.

Lau denboraldi egin dituzu Eibarren, eta gorengo taldearekin ere jokatu duzu. Pozik?

Oso. 13 urte nituela hasi nintzen Eibarren, eta orain arteko esperientzia oso-oso ona da.

Nolako taldea da Lehen Mailan jokatuko duena?

Talde berri bat da, aurten sortutakoa. Jokalariak zein gurekin lan egiten dutenak, denak ginen berriak. Harritu egin gaitu gu ere. Datorren denboraldiari begira litekeena da aldaketaren bat egotea, baina esperientzia duen jendea duen taldea da, gazteak ere badaude. Lehen Mailari eusteko gai den talde bat dela uste dut.

Andaluzia, Galizia, Katalunia... desplazamendu luzeagoak egin beharko dituzue.

Bai; aurten, Galizian jokatu dugu, eta gure arteko erlazioa sendotzeko aprobetxatu dugu, adibidez, autobusean egindako bidaia. Ez dakit hurrengo urteko bidaiak nola egingo ditugun.

Hango taldeen kontra ez ezik, etxekoen aurka ere lehiatuko zarete. Athleticen eta Realaren kontrako derbiak izango dituzue.

Ederra izango da hori. Uste dut denoi egin digula ilusioa gu gora igotzeak, eta denondako izango dira bereziak partidu horiek.

Nola jarraitu duzu emakume futbolarien borroka lan baldintzak aldarrikatzeko?

Taldeko gazteenetakoa naiz, eta, agian, beste batzuek nik baino zorrotzago jarraituko dute gaia, baina hitz egin dugu horren inguruan, bai. Atxikimendu bideo bat ere egin genuen. Uste dut pauso handia izan dela.

Eider Egaña Bikuña oñatiarra Unbeko futbol zelaian (Argazkia: Javi Luzuriaga)

Zer eman dizu Eibarrek?

Futbolean egiteko aukeraz gain, diziplina, konpromisoa eta antolaketa, adibidez. Eta lagunak ere eman dizkit.

Futbol jokalariak erreferente bihurtzen dira, maiz, askorendako. Nor miresten duzu zuk?

Claudio Bravo, adibidez, asko jarraitu dut. Egun, Bartzelona taldeko Sandra Paños, adibidez, eta Marc-Andre ter Stegen ale-maniarra.

Eibarko lagunarterik ez dago orain Oñatin, baina nork daki.

Kar, kar, kar.

Ikasketak eta futbola. Nola uztar-tuko dituzun pentsatu duzu?

Ez, baina biak egiteko asmoa dut. Futboleko plangintza jasotzean moldatuko naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak