Aloñako igoera, etxeko pasilloetan barrena

Naroa Urien Berrio 2020ko mai. 1a, 19:59

Ander Zabaleta, etxeko pasilloan, korrikaldia hasi aurretik.

Apirilaren 26an zen jokatzekoa Aloñako igoeraren hamaseigarren edizioa Oñatin, eta Ander Zabaleta korrikalari oñatiarrak etxean egin zuen lasterketa: hain zuzen ere, 3 ordu, 12 minutu eta 53 segundo pasilloetan barrena korrika.

Joan den domekan zen jokatzekoa XVI. Aloñako igoera Oñatin. Lasterkariak goizeko bedera-tzietan ziren abiatzekoak Oñatiko Foru plazatik 22,6 kilometroko ibilbidea egiteko. Ander Zabaletak, ohiturari jarraituz, bederatzietan hasi zuen lasterketa, sukalde ondoko pasilloan, eta hamabiak eta laurden aldera arte ibili zen korrika.

Igoera berezia

Zabaleta anaientzako oso maitatua da Aloñako igoera eta aurten ere egin nahi izan du Ander Zabaletak: "Joan den urtean, 3 ordu, 12 minutu eta 33 segundo eman genituen lasterketa egiteko, eta denbora hori etxetik hausteko erronka jarri nion neure buruari". Aloñako igoerak Artzanburu gaina izaten du puntu altuena (1.354 m); Zabaletak ez zuen Oñatiko 230 metroetatik gora egin, baina joan den urteko edizioan burututako denbora hautsi zuen bere etxeko pasilloetan barrena. Terrazaren eta etxearen arteko eskailerak Urtiagaindik Belarrerainoko malda gogorra ordezkatu zuen eta Aloñako gurutzera iritsita buelta eman beharrean, terrazako ertzean buelta erdi eman behar izan zuen Zabaletak. "Lasterketa berezia da eta ezin nuen egin gabe geratu. Kamiseta, iazko dortsala eta botak jantzi eta korrikan hasi nintzen. Terraza, etxeko pasilloak eta hauen bitarteko eskailerak prestatu eta zirkuitu bat zehaztu nuen. Belaunek minduta bukatu zuten, baina asko disfrutatu nuen", dio Zabaletak.

Domeka umeak irteteko baimena zuten lehen eguna izan zen, eta korrikalariaren etxea pasealeku ondoan dago. Bertatik pasatzen ziren auzokideek ezin zuten sinistu: "Hainbat herritar pasa ziren umeekin batera, eta harrituta begiratzen ninduten, ezin zuen sinistu 3 orduz korrika nenbilela bertan". Zabaletak egunero egiten ditu korrikaldi txikiak terrazan, eta herritar guztiak animatzen ditu kirola egitera: "Luzaketak egitearekin ere ondo dago, ez dugu zoratu behar, baina mugitzea garrantzitsua da eta oso osasungarria fisikoki zein mentalki".

Lasterketa handiena aurretik

Aloñako igoera irailaren 12ra atzeratu dute, eta, hala, gogotsu egingo duela dio Zabaletak. Asko prestatzen zebilen hurrengo lasterketetarako eta indartsu ikusten zuen bere burua, baina momentu honetan lasterketa nagusia beste bat dela dio korrikalari oñatiarrak: "Guztiok batera egoera honi aurre egitea da momentuko lasterketa nagusia. Mendiak bertan jarraituko du; gu ere bertan egoteko aukera izatea da orain zaindu beharrekoa. Animo asko bidaltzen dizkiet herritar guztiei, gero eta gutxiago geratzen da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak