Datorren urtera atzeratu dute Oñatin egin behar zuten Gipuzkoako Zurigorrien Eguna

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 14a, 13:46

Joan den urtean Eibarren ospatu zen Gipuzkoako Zurigorrien Eguneko argazkia

Oñatiko Athletic-eko Ritxi Mendiguren lagunarteak 25 urte betetzen ditu aurten eta urteurren hori tarteko, Oñatin ziren egitekoak ekainaren hasieran Gipuzkoako Zurigorrien Eguna. Egoerak behartuta, baina, datorren urtera pasa dute ospakizuna antolatzaileek.

Urtero egiten den jaia da Gipuzkoako Zurigorrien Eguna. Ahletic taldeak Gipuzkoan dituen lagunarteak, peñak, elkartzen diren eguna izaten da. Egun osoko egitaraua prestatzen dute eta zaleez gain, Athletic taldeko jokalariak eta zuzendaritzako kideak ere joaten dira festara.

Aurtengo jaia Oñatin ziren egitekoak ekainaren 6an. "Ritxi Mendiguren lagunarteak 25 urte betetzen ditu aurten eta horregatik proposatu genuen aurtengo eguna Oñatin ospatzea. Prest genuen egitaraua: zaleei zein elkarteko ordezkariei eta jokalariei agurra, herrian zehar poteoa, herri bazkaria, umeendako puzgarriak eta txorimaloak, kontzertuak gaztelekuan eta nola ez sorpresa berezi bat Ritxi Mendigurenendako. Baina egungo egoeran ezinezkoa da hori egitea eta erabaki dugu hurrengo urtera atzeratzea ospakizuna", dio Ritxi Mendiguren lagunarteko kide den Santi Bernal oñatiarrak.

Gipuzkoan 17 lagunarte ditu Athletic-ek eta horietatik bost Debagoienean daude: Oñatin bi (Ritxi Mendiguren eta Zurigorriak) eta bana Arrasaten, Bergaran eta Elgetan. "Gipuzkoako lagunarte guztietara bidaltzen da gonbidapena eta denetatik joan ohi da jendea egun hori ospatzera; 200 lagunetik gora elkartzen gara normalean", dio Bernalek. Eta gaineratu du: "Aurten, baina, ezingo dugu egin. Baina hurrengo urtean Oñatin izango da egun hori. Data zehazteke dugu oraindik. Liga amaieran egin ohi izan da, baina herriko jaiekin ere ez genuke kointziditu gura. Aztertuko dugu eta aukeratuko dugu eguna".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak