Herriko gazteen emanaldiak, etxetik

Maialen Regueiro 2020ko api. 3a, 15:57
Aitor Regueiro ekimen honetan parte duen artistetako bat da

Gazteak etxetik du izena konfinamendu egoerari aurre egiteko eta herriko gazte sortzaileen lana plazaratzea helburu duen Antixena gaztetxeak antolatutako ekimenak. Horrekin batera, eguenetan entzun ahal izango den irratsaioa sortu dute.

Konfinamendu egoera honi aurre egiteko, eta herriko gazte sortzaileen lanak plazaratzeko asmoz, Gazteak etxetik izeneko ekimena jarri du abian Antixena gaztetxeak. Aitor Regueiro arduratu zen ekimen honen estreinaldiaz, sare sozialen bitartez eskaini zuen zuzeneko emanaldiarekin, eta, Mikel Garai egitasmoren antolakuntzako kideak adierazi duenez, ekintza hau konfinamendu egoera amaitu arte luzatuko da. Are gehiago, apirilaren 12ra arteko emanaldiak lotuta dituztela aitortu du hark.

Garaik azaldu bezala, egunero –eguenetan izan ezik– herriko gazte sortzaile baten, biren edo hiruren lana ikusteko aukera izango da gaztetxeko sare sozialen bitartez –Youtube, Twitter, Facebook eta Instagram–. Emanaldi gehienak aurrez grabatuta daude, baina batzuek zuzenekoak eskainiko dituzte Instagram bidez. Horrekin batera, Garaik gaineratu du emanaldi guztiak Youtuben daudela ikusgai.

Ekimenaren harrera

Antolakuntzako kideak pozik azaldu dira ekimena izaten ari den harrerarekin. Gainera, Garaik azaldu du herritar asko sartzen direla emanaldiak ikustera eta horrek artistak gustura sentiarazten dituela. Dagoeneko sei artisten emanaldiez gozatzeko aukera izan dute herritarrek –Aitor Regueiro, Jone eta Alex Markuleta, Naia eta Eider Herraez, Luis Txintxurreta, Jon Etxarri eta Maider, Urko eta Lide Arregi–, eta antolakuntzak adierazi du asteburuko protagonistak Albistegi Anaiak, Haritz Olaeta eta Julen Agirre izango direla.

'Berandu eta gaizki' irratsaioa

Konfinamendu egoera honetan, Antixena gaztetxeak Berandu eta gaizki izeneko irratsaioa jarri du abian, non gaur egungo gaiak jorratuko dituzten. Herritarrek eguenetan izango dute irratsaioa entzuteko aukera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak