Mikel Ugarte: "Espainiako txapelketan aritzea da helburua"

Maialen Santos 2020ko mar. 13a, 12:13

Madrilen bizi den triatloilari oñatiarrak distantzia laburreko probetatik distantzia luzeetakora egin du salto. Aldaketara "egokitzen" ari den arren, asteburuan txapeldun izan da.

Orain arte, distantzia laburreko triatloiak egiten jardun du Mikel Ugarte oñatiarrak. Madrilen bizi da egun, eta aurtengo denboraldian distantzia luzeko triatloiak egiten hasia da. Talde berria ere badu, Atletico San Sebastianen babesa du orain.

Zer egiten duzu Madrilen?

Ikasketekin jarraitzeko asmoz etorri nintzen; biomekanikako doktoretza egiten ari naiz. Bestetik, errendimendu handiko masterra ere banabil egiten, entrenatzaile izateko bidea egin gura dut eta. Ikasketek eta kirolak betetzen dute egunerokoa.

Kirol arloan, zertan ari zara?

Aurreko urtera arte, distantzia laburreko probak egiten jardun dut, eta aurten, aldiz, distantzia luzeko probak egitera animatu naiz. Baina, betiere, triatloiak.

Talde berria ere baduzu...

Hala da, bai. Saltokin aritu naiz orain artean, baina Atletico San Sebastian distantzia luzerako taldea sortu guran zebilen eta taldera batzeko proposamena egin zidaten. Nik gustura hartu nuen, egia esan.

Eta zer moduz daramazu aldaketa?

Momentuz, gustura ari naiz, eta ilusio handiarekin. Dagoeneko egin dut distantzia luzeko triatloiren bat eta oso ondo joan da. Hala ere, oraindik egokitzen ari naiz.

Asteburuan txapeldun izan zara... Zorionak!

Hala da, eskerrik asko! Distantzia luzeko duatloian hartu nuen parte, Madrildik gertu –Jarama herrian–. Hamabost kilometro egin nituen korrika lehenengo; gero hirurogei bizikletan, eta amaitzeko, beste zazpi kilometro pasa korrika. Eta bai, helmugaratzen lehena izan nintzen. Oso pozik nago.

Noiz izango da hurrengoa?

Ezin jakin. Koronabirusa dela eta ez dakigu noiz izango den hurrena; proba asko bertan behera geratzen ari dira eta. Apirileko lehen hastean Katalunian egotekoa nintzen, baina ez dakit posible izango den. Txantxa moduan diot aste batzuetarako ni izango naizela txapelduna.

Entrenamenduak nola antolatzen dituzu?

Ikasketak direla-eta nahiko ordutegi nahasia daukat. Arrazoi horregatik, aurten nire kabuz ari naiz dezente entrenatzen. Goizean entrenatzen naiz pixka bat, eta arratsaldean, berriro. Egiten dudanari dagokionez, korrika aritzen naiz, eta igeriketa probaren bat ere egiten dut entrenamendu modura.

Taldearekin ez zara entrenatzen?

Ahal dudanean. Errendimendu handiko zentro horretan entrenatu gaitezke, edo bestela, ohikoa izaten da libre dagoen norbaitekin elkartu eta biok batera entrenatzera joatea. Disponibilitatearen araberakoa da; nork bere ordutegia baitauka.

Eta entrenatzaile lanetan ere ari zara?

Horretarako ikasten ari naizen arren, banabil zerbaitetan. Dagoeneko entrenatzen ditut kirolari batzuk. Denetarik egiten dute: maratoia, distantzia laburrak, luzeak...

Erronkarik baduzu aurrera begira?

Momentuz, sentsazio onak ditut, eta hori da garrantzitsuena; aldaketara egokitzea. Hala ere, ekainera begira indartsu egon gura nuke. Salamancan egingo den Espainiako Txapelketan egotea da nire helburuetako bat.

Herri-minik baduzu?

Bai, noski! Faltan igartzen dut Oñati bera, baita bertako jendea ere. Baina egia da probetara joateko dezente bidaiatzen dudala, eta probarik ez dudanetan nahiago dut Madrilen lasai geratu. Halere, gurasoak dezente etortzen zaizkit bisitan.

Noiz etorriko zara?

Ziur aski, uste baino lehen. Koronabirusa dela-eta egoera okerrera doa Madrilen. Agian, aprobetxatu egingo dut Oñatira joan eta bertan egun batzuk egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak