Zilan Ugur: "Kurduon genozidioa gura du Turkiako Gobernuak"

Xabier Etxebarria 2020ko mar. 13a, 12:00

Soziologia Juridikoko masterra ikastera etorri da Zilan Ugur (Amed, Kurdistan, 1996) Oñatira. Bere egonaldian hainbat herritar ezagutu, eta haiekin Newroz eguna antolatu du gaztetxean. Newroz kurduen egun nazionala da. Ospakizunaz eta Kurdistango egoeraz dihardu.

Newroz eguna ospatuko duzue zapatuan Oñatin. Zer da kurduentzat Newroz?

Newrozek egun berria esan nahi du persieraz. Kondairak dio herria zapaltzen zuen errege baten aurka altxatu zirela kurduak. Gaur egun, elkartu eta askatasuna iritsiko den eguna irudikatzen dugu. Horregatik, Turkiako Gobernuak mila oztopo eta debeku jartzen dizkio ospakizunari. Hala ere, kurduok elkartu, gure arropa tradizionalak jantzi, jan, dantza egin eta lagunekin egoteko baliatzen dugu.

Azken urteetan, Siriako gerra dela eta, kurduek zeresan ugari eragin duzue. Gutxi baldin bada ere, munduak pixka bat begiratu dizue. Zein da orain herri kurduaren egoera?

Gaur egun, aspaldidanik bezala, Turkiako gobernu faxistak herri kurdua erasotzen jarraitzen du; kurduon genozidioa helburu du 1980ko eta 1990eko hamarkadetako gatazkaren ondoren. 2013an, PKK-k su-etena iragarri zuen eta bake prozesua martxan jarri genuen. Hala ere, Turkiako Gobernuak Kobane eta Afrini eraso egin zien, ISIS bezalako erakundeak baliatuz. Testuinguru honetan, herri kurduak aurre egin zion erasoari eta Rojavako iraultza hasi zen. Orain, Rojavari ere eraso egin diote eta asimilazio politikak aplikatzen hasi dira bertan, Turkia osoan egiten ari diren bezalaxe.

"Turkiako armadak herri osoak txikitu zituen; nire jaioterria, besteak beste"

Zu zeu Turkiako Kurdistango zatikoa zara.

Bai; gure eremura, Bakurrera, PKKren su-etenaren ondorengo erasoaldia 2015ean iritsi zen. Turkiako armadak herri osoak txikitu zituen; nire jaioterria, besteak beste. Horren aurrean, herri kurduaren erantzuna itzela izan zen, etxez etxe, kalez kale aurre eginez armada turkiarrari. Gainera, kurduok ordezkatzen gaituen HDP alderdiko ehunka kide, buruzagi, zinegotzi eta alkate atxilotu zituzten.  Horretarako, Turkiako alderdi politiko guztiak elkartu ziren, Erdogan buru zutela. HDP kurduon alderdia izateaz gain, Turkia osoko indar aurrerakoi, ezkertiar eta feministentzat ere erreferentea da.

Rojava defendatzetik bertan iraultza egitera pasa zineten.

Kurdistango erresistentziaren ideiak Konfederalismo Demokratikoan daude oinarrituta. Ideia honek emakumeen askapena lehen lerroan jartzen du. Erresistentzia honen gauza ederrena da iraultza global bat irudikatzen duela. Horregatik, Europa osotik hurbiltzen da jendea Kurdistango iraultzan borrokatzera. Borroka honek patriarkatu eta nazio estatuen zapalkuntzari aurre egiten die; horregatik, NATO bezalako erakundeek etsaitzat gaituzte.

Zapatuan Oñatiko gaztetxera hurbiltzen denak zer aurkituko du?

Oso eskertuta nago jai hau ospatzeko aukera eman izanagatik. Oñatiko gaztetxekoek kurdua nintzela jakin zuten momentutik proposatu zidaten Newroz eguna ospatzea. Newroz egunaren erdigunea sua da, eta hemen ere halaxe egingo dugu. Egoera latza izanagatik ere, kurduak jende alaia gara eta Halay dantzen bitartez hori irudikatuko dugu zapatuan. Ekimena, oro har, herri kurduari elkartasuna adierazteko modu polita izango da, bıjı (gora!) Oñatiko jendearen elkartasuna kurduekiko!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak