Pazko Astean futbol campusa egingo dute estreinakoz

Maialen Santos 2020ko mar. 6a, 12:40

Iaz Arrasaten egindako futbol campusean, haur bat baloiaren atzetik korrika.

Haurrei begirako aisialdi eskaintzan dagoen "hutsunea" betetzeko helburuarekin antolatu dute. 2008 eta 2011 artean jaiotako haurrak arituko dira, futbolean ez ezik, taldeko jolasak egiten. Pazko asteko martitzenetik egubakoitzera bitarte egingo dute.

Aste Santuko bigarren asterako antolatu dute lehenbiziko aldiz futbol campusa. Pazko asteko martitzenetik egubakoitzera bitartean egingo dute; apirilaren 14tik 17ra, alegia. Haritz Azurmendik eta Auritz Larreak antolatu dute –biak futbolzaleak–. Azurmendik adierazi duenez, urteko sasoi honetan dagoen "aisialdi hutsunea" betetzeko helburua dute: "Ikusten dugu Aste Santua iristean haur askok ez dutela zereginik, eta kasu askotan, gurasoek lanera joan behar izaten dute, gainera". Hori gutxi balitz, Oñatiko haur asko inguruko herrietako campusetara joaten dira futbolera". Diote "aspaldi" ari zirela halako "zerbait" herrian egin guran; halere, orain arte "ideia hutsa" zena garatu egin dute, "azkenean".

2008 eta 2011. urte artean jaiotako haurrei –biak barne– zuzenduta egongo da, eta irekia izango da; ez baita ezinbestekoa izango futbolean izena emanda egotea. Soilik futbolean eta taldean jokatzeko "gogoa" izango da "beharrezkoa", bere aburuz.

Campusa, goizetan bakarrik

Aipatutako lau egun horietan goizez jardungo dute etxeko gazteenek kirola egiten, 09:00etatik 13:00etara iraungo baitute aisialdiko jolasek. Zehazki, bi atal nagusitan banatuko dituzte goizak: hasteko eta behin, taldeko jolasak egingo dituzte, eta jarraian, futbolean jokatzeko tartea ere izango dute: "Uste dugu taldeko balioak lantzeko garrantzitsua dela talde sena bultzatzea", dio Azurmendik. Era horretan, "futbolak dituen balio positiboak transmititu gura ditugu". Kokapenari dagokionez, hasierako jolasak San Martin edota Santa Lutzia inguruan egingo dituztela aurreratu du antolatzaileak: "Eguraldiak laguntzen badu, behintzat". Futbolerako, ostera, Azkoagain eta Larraña baliatuko dituzte.

Begiraleen laguntza

Orain arte, guztira, 80 haurrek eman dute izena campusean parte hartzeko; hain justu, gaur da horretarako azken eguna, alonafutboludalekuak@gmail.com helbidera idatzita edota antolatzaileekin harremanetan jarrita. Aurreratu dutenez, "uste baino haur gehiagok" azaldu dute campusarekiko interesa, eta, "asko" direnez, taldeak egingo dituzte. Talde horiek koordinatzeko zenbait begirale ere izango dira: "guztiak" futbolarekin eta hezkuntzarekin "harremana" duten pertsonak izango dira.

Antolatzaileak eskertuta azaldu dira Aloña Mendiko futbol sailetik eta Oñatiko Udaletik jasotako laguntzari dagokionez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak