Astelehenean irekiko dute udalekuetako izen-ematea

Maialen Regueiro 2020ko mar. 6a, 09:27

Iazko Oñatiko udalekuetan aritutako hainbat ume, begiraleekin.

Ekainaren 29tik uztailaren 24ra bitartean egingo diren udaleku ireki eta arte udalekuetarako izen-ematea martxoaren 9tik 20ra bitartean egin ahal izango da. Aurten, gainera, udalak online egiteko aukera eskainiko duela da nobedadeetako bat

Aurtengo udaleku irekiak eta arte udalekuak ekainaren 29tik uztailaren 24ra bitartean izango dira eta bietarako izen-ematea martxoaren 9an, astelehenean, zabalduko da eta martxoaren 20a izango da horretarako azken eguna. Ion Lopez Gazteria teknikariak aitortu du aurten zorrotzak izango direla eta ez dutela epez kanpoko izen-ematerik onartuko.

Udaleku irekiak

Iazko udaleku irekietan 600 ume eta gaztetik gora aritu ziren eta aurten kopurua areagotu egingo dela aurreikusten du Lopezek. Izan ere, aurten, beste urte batzuetan bezala, izena ematen duten umeek euskaraz eta gozamenez udalekuez gozatzeko aukera izango dute eta, besteak beste, uraren eguna, eskulanak, jolasak, ibilaldiak eta kanpaldia egingo dituzte. Udalekuetan 2008tik 2016ra bitartean –biak barne– jaiotako umeek izango dute parte hartzeko aukera.

Aurten, nobedade gisa, izen-ematea online bidez egiteko aukera egongo dela adierazi du Lopezek –Udalaren atarian–, baina ordainketaren ziurtagiria eta izen-emate orria udaletxean –HAZen– eta Txaloka ludotekan entregatzeko aukera egongo dela ere aipatu du. Lopezek gogorarazi du dokumentuen entrega ordainketa egindakoan egin behar dela, eta, horrekin batera, matrikulen prezioak jakinarazi ditu: "Lehen umeak 71,53 euro ordaindu behar du, bigarrenak 61,31 euro eta hirugarrenak 51,09".

Arte udalekuak

Aurtengoa arte udalekuen bederatzigarren edizioa izango da. Iaz 69 ume zein gazte aritu ziren artea lantzen eta iazkoak, gai-nera, inoizko jendetsuenak izan ziren. Gauzak horrela, ekainaren 29tik uztailaren 24ra bitartean, LH3tik DBH4ra bitarteko gaztetxoak Eltzian arituko dira, marrazkigintzan, eskulturan, margogintzan, eta abarretan trebatzen. Kasu honetan, matrikularen prezioa bera izango da eta izen-ematea online egiteko aukera ere eskainiko da. Dokumentazioaren entrega, berriz, udaletxean –HAZen– edota gaz-telekuan egin beharko da.

Begiraleen kontratazioa

Udalak begiraleak kontratatuko ditu bi udalekuetarako. Iaz, esate baterako, 70 begirale baino gehiago kontratatu zituzten. Kasu honetan, interesatuek izena HAZen eman beharko dute, martxoaren 9tik 20ra bitartean. Egitea derrigorrezkoak diren hezitzaileen formakuntza saioak, berriz, ekainaren 6an eta 7an izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak