Emakume ekintzaileei buruzko mahai-ingurua egongo da gaur osoko bilkuren aretoan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mar. 3a, 14:47

Nerea Ibañez, ASPEGIko presidentea

Emakume ekintzaileak bistaratzea eta euren arteko esperientziak edo arazoak partekatzea eta hori guztia plazaratzea gura du Oñatiko EAJk gaurko antolatu duen mahai-inguruan. 19:00etan hasiko da eta Pili Kaltzada kazetariak moderatuko du. Miren Elgarresta, Nerea Ibañez eta Oñatiko hainbat emakume ekintzailek hartuko dute parte, besteak beste.

Oñatiko emakume ekintzaileak du izena Pili Kaltzada kazetariak gidatuko duen gaurko solasaldiak eta hantxe izango dira, adibidez, Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiko berdintasun zuzendaria; Nerea Ibañez, ASPEGI elkarteko, Gipuzkoako emakume ekintzaileen elkarteko, presidentea eta hiru belaunalditako Oñatiko emakume ekintzaile batzuk.

Mahai-ingurua bereziki emakume profesionalei eta merkatariei begirakoa da baina Oñatiko emakumeei guztiei dago irekita, baita gizonei ere. Gai bat baino gehiago izango dute hizpide solasaldi horretan. Adibidez, emakume autonomoak eta kontziliazioa izango da gaietako bat. Antolatutako mahai-inguruari buruz, EAJk dio bidalitako prentsa oharrean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna esparru ezberdinetan ari direla lantzen eta horren barruan batzokian egindako hausnarketa prozesu batetik irtendako pro-posamena dela solasaldi hau. Mahai-ingurua ez dela ekintza isolatu bezala planteatzen ere gehitu dute jeltzaleek, azalduz euren helburua dela herri mailan emakumeen arteko sinergiak eta harremanak sortzea, "benetako berdintasunerako pausoak elkarrekin emateko eta esperientziaz aberasteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak