Denboraldiko bigarren itzuliko laugarren partidua jokatuko du asteburu honetan Mekalki Aloña Mendik, eta Alkideba-Ointxe taldea hartuko du etxean. Bihar, zapatua, arituko dira nor baino nor gehiago Zubikoan, 18:00etan hasita. Aitor Ugarte taldeko entrenatzaileak azaldu du derbia jokatzea berezia dela, "beste puntu bat" ematen baitio ezaugarri horrek neurketari. Are, azaldu du bere taldea "gogotsu" arituko dela kantxan, "puntuak irabazten" jarraitzeko gogoz. Aurreko jardunaldian "partidu txarra" jokatzetik dator Aloña, gainera; Tabirako Baque taldearen aurkako porrota "kolpe morala" izan zela aitortu du Ugartek, eta jokalari batek min hartu amaitu zuen partidua, gainera. Hala eta guztiz ere, kolpe hori "ahaztu" gura du, orain arte denboraldian egindako lanarekin jarraitu ahal izateko: "Neurketa oso onak jokatu ditugu; are gehiago, horietako asko sailkapeneko taulan goian dauden taldeen aurkakoak izan dira".
Alkideba-Ointxe taldeko entrenatzaile Txisko Erañak, berriz, azaldu du talde oñatiarrak "asko hobetu" duela, eta sasoi betean daudela gaur-gaurkoz. Gauzak horrela, neurketa "interesgarria" izango delakoan dago entrenatzailea. Bere taldeari buruz galdetuta, gustura azaldu da egiten ari diren lanarekin: "Ekipo gaztea daukagu, neurketak ondo joan zaizkigu eta asko ikasten ari gara", adierazi du. Helburuak "betetzen" ari da taldea, bere aburuz: "Maila mantendu nahi dugu, eta oraingoz, behintzat, ondo ari gara". Horretaz gain, lehen mailako taldera igotzeko jendea "prestatzea" ere bada taldearen helburuetako bat, eta egunero eta gutxinaka hobetuz doazela dio Erañak.
Ildo beretik jarraitu guran
Bi taldeetako arduradunek diote "orain arte moduan" jarraitu gurako luketela aurrerantzean ere. Hala, puntuak batzen jarraitu gura dute geratzen diren jardunaldietan, sailkapenean gora egin ahal izateko. Hain justu, taula horretako hamargarren postuan dago egun Aloña; eta laugarrenean, aldiz, Ointxe. Edozelan ere, Aloñako entrenatzaileak gogora ekarri nahi izan du "kontuan" hartu beharrekoa dela Aloña maila honetan "berriki" estreinatu dela: "Gure taldea aurten igo da mailaz, eta, beraz, egokitzapen prozesu batetik ere pasa behar izan dugu". Hori hala izanik, "gorantz begiratzeko joera" hartu nahi dute bi taldeek, eta bihar garaipena eskuratu. Horretarako "etxekoen babesa" izan gurako luke Ugartek.