Oñatiko Txinparta bertso eskolak antolatutako bertsolari gazteen Dizdaitte txapelketa jokatzen ari dira hilabete honetan zehar, eta datorren otsailaren 29an Antixeneko gaztetxean emango diote amaiera txapelketari; 19:30ean hasiko da azken saioa.
Bi kanporaketa egin dituzte orain artean: lehena hilaren 8an Pako tabernan eta bigarrena 15ean Ikatzen. Maider Arregi oñatiarra eta Ane Zuazubiskar arrasatearra izan ziren garaile horietan –hurrenez hurren–, eta, beraz, zuzenean sailkatu ziren finalerako. Gainontzeko lau finalistak puntuazioaren arabera erabaki dira: Eli Pagola ereñotzuarrak lehen kanporaketan jardun zuen bertsotan, eta Urko Arregi oñatiarra, Oihana Arana eskoriatzarra eta Txaber Altube abadiñarra, aldiz, bigarrenean aritu –eta sailkatu– ziren.
Anai-arreba oñatiarrak, finalean
Debagoieneko sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan; horietako hiru, herrikoak. Aitor Tatiegik ez zuen lehen kanporaketa gainditu, eta, beraz, Maider eta Urko Arregi anai-arreba oñatiarrak izango dira finalean. Egin beharreko lanei dagokienez, orain arteko ariketa antzekoak egingo dituzte, eta ez dute buruz burukorik egingo. Puntuazio altuena duen bertsolariak jantziko du txapela.
Txinparta bertso eskolako kide Gontzal Belategik azaldu duenez, bertsolari gazteen sariketa lehen aldiz egin dute aurten, eta orain arteko saioen balorazioa "oso positiboa" izan da: "Herriak oso harrera ona egin dio txapelketari". Aurreko urteetan oñatiarren arteko txapelketak egin badituzte ere, Dizdaitte txapelketak Euskal Herriko bertsolari gazte ezberdinei egin die leku.