"Urrezko" hiru puntu ekarri ditu Aloña Mendik Azpeititik

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ots. 17a, 13:40
Asteburuan Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian jokatutako partiduan (Argazkia: Lagun Onak)

Martxel Aiastuik bosgarren minutuan sartutako golari esker "urrezko" hiru puntu ekarri ditu etxera Aloña Mendi futbol taldeak, Lagun Onak-eri irabazita. "Estutu gintuzten eta sufritu genuen, baina ondo heldu genion partiduari", dio entrenatzaileak, Endika Ruizek. Lehen postuan jarraitzen dute oñatiarrek.

Erregional preferente mailako Aloña Mendi futbol taldeak 0 eta 1 irabazi dio asteburuan bigarren sailkatuari, Lagun Onak taldeari. "Azkar etorri zen gola, bosgarren minutuan, eta gero estutu egin gintuzten. Lehen zatiaren amaieran zein bigarren zatian sufritu ere egin genuen, baina ondo heldu genion partiduari. Taldeak oso ondo jokatu zuen, talde izaerarekin, elkarri lagunduz. Oso pozik nago egindako jokoarekin, eta baita emaitzarekin. Urrezko hiru puntu izan dira", dio entrenatzaileak, Endika Ruizek. Partiduko gol bakarra Martxel Aiastuik sartu zuen urrutitik baloia jaurtiz; futbol zelai erdia baino aurreragotik hartu zuen baloia eta handik ostiko emanda sareratu zuen.

Aloña Mendik irabazi egin dio bigarren sailkatuari, eta hirugarrenak, Beasainek, galdu egin du Idiazabalen kontra. Horrenbestez, aldaketarik ez da egon lehen hiru postuetan baina puntuen aldea handitu egin da: Aloña Mendik jarraitzen du lehen postuan 47 punturekin; zazpi gutxiago ditu Lagun Onak-ek eta zortzi gutxiago Beasainek.

Eta lehen postu horri eustea izango da hemendik aurrerako erronka. "Hamar partidu gelditzen dira, 30 puntu. Asko da hori baina saiatuko gara helburu hori betetzen. Gainera, hamar partidu horietatik sei etxean ditugu eta zaleen laguntza ere izango dugu", dio Ruizek.

Aratusteak direlako, asteburu honetan ez da partidurik egongo. Hurrengoa Azkoagainen jokatuko du Aloña Mendik, martxoaren 1ean, Tolosaren kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak