Herriko hiru ikastetxeak ere elkarrekin batu dira Inauterietara

Maialen Santos 2020ko ots. 17a, 11:23
Dantzari talde bat iaz, herriko plazan dantza egiten.

Eguenean, herriko hiru ikastetxeetako 5. eta 6. mailetako haurrek bat egingo dute Inauterietako ohiko mozorroa jantzita dantza egiteko; zapatuan, kaleak alaituko dituzte herritar dantzariek; eta martitzenean, pailazoak eta txokolate-jana izango dira nagusi.

Inauteriak ate-joka direla eta, asko dira datozen egunetarako herrian antolatu diren ekintzak. Oñatiko hiru ikastetxeetako 5. eta 6. mailetako ikasleak –guztira, 270– izango dira horiei ongietorria egiteaz arduratuko direnak; aurten, estreinakoz elkarrekin egin dute bat datorren eguenean, Ostegun Gizenarekin, guztiek batera Oñatiko Inauterietako dantzen erakustaldi txiki bat egiteko. Hala, 15:00etan elkartuko dira unibertsitatean, ohiko mozorroa jantzita. Oñatz Dantza Taldearen 50. urteurrenaren baitan hilabetero gai ezberdin bat jorratzen ari dira dantza taldekoak, eta, Inauteriak otsailean izanik, horien antolaketa lana Inauterietako lantaldearen ardurapean geratu dela azaldu du taldeko kide Arkaitz Bengoak: "Inauterietako lantaldean pentsatu genuen ikastetxeei gonbidapena egitea, urteurrenean Oñatiko Inauteriekin bat egin dezaten". Hala, ikastetxeekin "bilera ugari" egin dituztela azaldu du Bengoak, ikastetxeekin elkarlana "ezinbestekoa" izan dela iritzita.

Zapatuan, dantza gehiago

Otsailaren 22an izango da herritarren txanda. 11:30ean Olaiturrin elkartuko dira dantzariak, pertsonaiak eta musikariak. "Guztira, 300 pertsonatik gora elkartuko gara, inoiz baino jende gehiago", adierazi du Bengoak. Orain artean entseguetan prestatutako dantzak kaleetan egingo dituzte, eta jantzien koloreak ere lagungarriak izango dira kaleak alaitzeko. "Berrikuntzarik ez da egongo; dantzak azken urteetako berdinak izango dira, eta jantziak beti bezain koloretsuak", gaineratu du. Goiza dantzan pasa ostean etenaldia egingo dute, Etxe Aundi jatetxean elkarrekin bazkaltzeko. Eta egunari amaiera borobila emateko arratsaldean ere egingo dute dantzen erakustaldia; plazan amaituko dituzte horiek, 20:00 bueltan.

Inauterietako lantaldeko kideak azaldu du dantzan ez ezik, herritar askok azaldu dutela musikari gisara parte hartzeko nahia, eta "baliabide faltarengatik" mugatu behar izan dutela horiendako lekua. Halere, datorren urtera begira musikarien kopurua handitzeko baliabide gehiago jarriko dituztela iragarri du, jende gehiagok parte hartzeko aukera izan dezan.

Hurrengo egunean, domekan, urtero legez Oñatz Dantza Taldeko kideek egingo dute dantza. 18:30ean plazan izango da hitzordua, eta Luzaideko bolantak eskainiko dizkiete herritarrei.

Martitzenean, pailazoak

Inauteriekin jarraitzeko, martitzen arratsalderako ere antolatu dituzte ekintzak. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak 17:00etan iritsiko dira Zubikoa kiroldegira ikusleei barre eragitera. Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke www.onati.eus webgunean edo Txokolateixan, 2,50 euroren truke. Eta soberan egonez gero, egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Zubikoako leihatilan, 3 eurotan. Horren ostean, 18:00etan, Oñatiko Elizbarrutiko misio taldeak antolatuta txokolate-jana solidarioa egingo dute plazan, eta 18:30ean, txorimalo eta buruhandiak ibiliko dira kaleetan. Disko festarekin emango diete amaiera aurtengo Inauteriei.

Inauteriak, 'Hurretik' egitasmoan

Herriko ondarearen transmisioa helburu duen Hurretik egitasmoaren baitan sartuko dute Oñatiko Inauterien inguruko unitate didaktikoa. Udaleko Euskara eta Hezkuntza teknikari Iñaki Akizuk azaldu duenez, zortzi unitate didaktiko berri prestatzen ari dira, eta horietako bat izango da Oñatiko Karnabalak. Zehazki, 5. eta 6. mailetako ikasleendako da, eta Inauterietako lantaldearekin batera ari dira materiala prestatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak