Urrezko Aizkora saioan herri kirolak bizirik daudela erakutsi dute

Maialen Santos 2020ko ots. 16a, 16:25

Urrezko Aizkora saioa jokatu dute gaur eguerdian, herriko plazan. Gizonezkoen artean, lau aizkolari bikote –guztira zortzi– lehiatu dira, eta horietako hiru bikote pasa dira Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalera. Emakumezko bi aizkolari ere aritu dira nor baino nor gehiago. Azkenik, bi harri-jasotzailek ere erakustaldia eskaini dute.

Gizonezko zortzi aizkolari izan dira gaur Oñatiko plazan, eta horiek bi multzotan banatu dituzte. Alde batetik, Basozabal eta Larrea bikotea Ezpeleta eta Zabalaren aurka lehiatu da; eta bestetik, Zelai IV eta Suharri bikoteak Kañamares anaiak izan ditu aurkari. Bi proba jokatu dituzte elkarren kontra –erlojupekoa eta lau enborren mozketa–, eta azkenean, multzo bakoitzeko bikote bat sailkatu da Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalerako. Suharri eta Zelai IV bikotea, eta Basozabal eta Larrea izan dira irabazleak.

Irabazi ez dutenek –Kañamares IV eta Kañamares V, eta Ezpeleta eta Zabala– beren artean egin dituzte probak, berriro, finalera pasako zen hirugarren bikotea erabakitzeko. Hala, Ezpeletak eta Zabalak eskuratu dute pasea.

Emakumezkoak ere, sasoitxu

Emakumezkoen artean Maika Ariztegi eta Itxaso Onsalo lehiatu dira. Ariztegik eskuratu du garaipena –5 minutu eta 10 segundutan amaitu baitu proba, Onsalok baino minutu bat lehenago–, eta beraz, dagoeneko sailkatuta zeuden Irati Astondoa eta Nerea Sorondo izango ditu aurkari finalean.

Harri-jasotzaile biak, sailkatuta

Aizkolariak ez ezik, harri-jasotzaileak ere izan dira gaur plazan. Aimar Galarraga eta Urdax Magunazelaiak egin dute erakustaldia; 3.375 kilo eta 4.225 kilo jaso dituzte guztira, hurrenez hurren. Gaurko probaren aurretik dagoeneko biak zeuden finalerako sailkatuta, halere, gaurko probak finala jokatzeko ordena zehazten lagundu du. Hain justu, Urdax izango da finalean lehiatzen bigarrena, eta Galarraga, aldiz, hirugarrena.

Erlazionatuak

Oñatiko Urrezko Aizkora saioa argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020 ots 16 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak