Hainbat ekintza Oñatin, Euskal Errepublika aldarrikatzeko

Jone Olabarria 2020ko ots. 14a, 11:07

"Burujabetza lortzeko bidean", hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskal Herri osoan Ehun mugimendu herritarrak. Bihar, hilak 15, burujabetzaren alde lanean dabiltzan proiektu ezberdinak ezagutzeko azoka egingo dute plazan.

"Euskal Errepublikaren eguna antolatzeko jaio den mugimendu herritarra" da Ehun. Pasa den azaroan aurkeztu zuten, Donostian, eta "Euskal Herriko herri, auzo, lantoki, lagunarte eta norbanakoak ehuntzeko bokazioa duen mugimendua" bezala definitu zuen bere burua. Mugimendu horren baitan, "Euskal Errepublika egunerokoan eragiten diguten arazo eta kezkak konpontzeko bidea" dela sinetsita, eta "Espainia eta Frantzia ez bezala, Euskal Errepublika guztion eskubideak bermatzeko aukera zentzudunena izanik", hainbat ekitaldi antolatu dituzte biharko Euskal Herri osoan zehar.

Ekintza ugari

Hala, otsailaren 15a Euskal Errepublikaren "alde lan egiteko eguna" bezala finkatuta, otsail osoan zehar ere ekintza ugari egin dituzte Oñatin: eguaztenean, otsailak 12, energia berriztagarrien sorkuntza eta erosketara bideratutako Goiener kooperatibak burujabetzarako bidean egindako lana eman zuen ezagutzera kultur etxean. Era berean, otsailaren 5ean, Izarkom Euskal Herrian telekomunikazio operadore kooperatibo eraldatzailea lantzen ari den elkartea ezagutzeko aukera ere izan zen.

Asteburura begira, bihar, hilak 15, burujabetzaren alde lanean dabiltzan proiektu ezberdinak ezagutzeko azoka egingo dute. Askotariko arloetan burujabetza lantzen ari diren elkarteek euren proiektuak ezagutaraziko dituzte herriko plazan, goizeko hamaiketan. Besteak beste, Goiener, Izarkom, Koop57 eta Ortuzabal proiektuak izango dira bertan.

Hain zuzen ere, Ehun-etik azaldu dutenez, "euskal mugimendu errepublikazaleak arrakasta izango badu, behetik gora egin beharko du, goitik behera beharrean", eta herritarrak animatu dituzte mugimendura batu eta "burujabetzarako bidean ehuntzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak