Minbizia gainditu dutenentzako 'Paziente bizia' saioak astelehenean hasiko dira

Maialen Santos 2020ko ots. 14a, 11:21

Zazpi saio egingo dituzte, guztira; lehena, astelehenean. Minbizia izan ostean osasuna nola zaindu landuko dute.

Paziente bizia programaren baitan hiru arlo ezberdinetako saioak egiten ari da Osakidetza: diabetesa dutenei zuzendutakoak, gaixotasun kronikoren bat dutenei zuzendutakoak eta minbizia gainditu dutenei begirakoak. Hala, astelehenean, hilak 17, iritsiko da programa hori Oñatira, eta, zehazki, Minbizia izan ondoren nire osasuna zaintzen programa landuko dute. Paziente Bizia programaren Debagoieneko koordinatzaile Nerea Arizmendiarrietak azaldu duenez, beste herrietako "arrakasta" ikusita erabaki dute honako gai hau jorratzea Oñatin.

Saioak, astelehenero

Datorren astelehenean hasi eta zazpi astez izango dira saioak. Hain justu, astelehenero elkartuko dira Osasun Etxean, 16:00etatik 18:30era bitartean.

Minbizia dagoeneko gainditu dutenei –konkretuki, tratamendua duela urtebete inguru amaitu dutenei– eta gaixoen zaintzaileei bideratuta egongo dira saio hauek; ez, ordea, "oraindik tratamenduan" dauden pazienteei: "Behin minbizia gaindituta bizi kalitatea nola hobetu ikasiko baitute parte-hartzaileek".

12 pertsona inguruk hartuko dute parte programan, bi arduradunez lagunduta –biak ere, gaixotasuna "gertutik" ezagutzen dutenak–. Hala, dieta osasuntsua izateko gakoak edo kirola eta erlaxazio ariketak nola egin ikasiko dute saioetan. Bestalde, "emozioak gestionatzeari" ere garrantzi berezia emango diote. Horretaz gain, astetik astera nork bere buruari erronka bat jarri beharko dio, hurrengo saioan aurrerapausoak eta oztopoak taldearekin elkarbanatu eta aurrera egitea helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak