Ruper Ordorika abeslari oñatiarrak herrian eskainiko du kontzertua datorren astean; domeka arratsaldeko zazpietan izango da emanaldia. Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke www.onati.eus webgunean, Txokolateixan eta leihatila digitalean, sarrera gutxi geratzen diren arren.
Kontzertu "berezia"
Hamar urteren ostean, Santa Anara itzuliko da abeslaria, bere taldearekin batera. Berak aitortu duenez, "tarteka" eskaintzen ditu kontzertuak herrian, baina azkenengo aldiz gaztelekuan izan zen abesten –duela hiru urte inguru–. Hala, "etxean" abestea "beti" dela berezia aitortu du Ordorikak, "gertukoak" joango baitzaizkio ikustera: "Musikan hasi nintzenean, zailagoa egiten zitzaidan herrian jotzea, baina orain, ondo pasatzera igoko naiz oholtzara, eta publikoak ere hala egin dezan espero dut", azaldu du. Gaineratu duenez, "sasoi ezberdinetako" kantuak joko ditu, baita herriarekin "harreman zuzena" duten kantu batzuk ere.