Otsaileko egitarauaren baitan antolatu ditu gaurko kontzertuak Antixeneko gaztetxeak. Lukiek eta Nize talde euskaldunak arituko dira oholtza gainean, nor bere musika eskaintzen. 22:00etan hasiko dira emanaldiak, eta sarrerak gaztetxean bertan eskuratu ahal izango dira: langileek 5 euroren truke eta langabeek, aldiz, 3 eurotan.
'Lukiek #1' diskoa
2015ean sortutako Lukiek taldeak iaz kaleratu zuen lehen lan luzea, eta kontzertu bira egiten dihardu orain hirukote mungiarrak; besteak beste, disko horretako kantuak aurkezten izango dira gaur. 90eko hamarkadako rock alternatiboaren eta grungearen eragina duen musika egiten du talde horrek. Gaztetxean emanaldia eskainiko duten bigarren aldia izango da, gainera.
Nize taldea, bestalde, 2017an sortu zen, Bilbon, baina 2018ra arte ez zen guztiz osatu. Melodia ilunez, azpimunduko ahotsez eta fuzz-ez beteriko post-rocka dira taldearen ezaugarriak.