Sailkapeneko lider izaten jarraitu gura du Aloñak

Maialen Santos 2020ko ots. 7a, 12:30
Aloña Mendiko jokalari bat baloiaren atzetik, Idiazabalgo atezaina parean duela.

Duela bi aste Idiazabalen aurka jokatutako partiduan eskuratu zuen lidergoa Aloñak. Joan den domekako neurketa irabazita, sailkapeneko bigarren taldetik lau puntura dago orain taldea. Ildo horretan jarraitu gura dute; betiere, "hankak lurrean" izanda.

Duela bi aste Azkoagain futbol zelaian jokatutako partiduan eskuratu zuen Aloña Mendiko Erregional Preferenteko taldeak sailkapeneko lehen postua. Idiazabal taldearen aurka jokatutako neurketa gol festarekin amaitu zen, 8 gol egin baitzizkion etxeko taldeak aurkariari. Hala, bigarren sailkatua –Beasain– puntu batera utzi zuen Aloñak. Joan den asteburuan Getariaren aurka jokatu zuten oñatiarrek, eta, neurketa hori irabazita, Beasaingo taldearekiko aldea handitu egin zuten, Endika Ruiz Aloñako entrenatzaileak azaldu duenez: "Puntu batetik lau puntura areagotu genuen aldea. Hirugarren sailkatutik, Lagun Onak-etik, aldiz, sei puntura gaude egun", zehaztu du. Orain, datozen jardunaldiei begira jarrita dago taldea; izan ere, asteburu honetan derbia jokatuko dute Ruizen mutilek: "UDA hartuko dugu etxean domeka arratsaldean. Beraiek ez daude egoera onenean, eta ziur naiz irabazteko gosez etorriko direla. Guk ere puntuak gehitzen jarraitu gura dugu". Gaineratu duenez, derbiak "beti" izaten dira partidu "bereziagoak".

Taldea, "egoera onean"

Duela gutxi, txakalaldi batetik pasa da taldea. Baina orain, "egoera onean" dagoela uste du: "Bi norgehiagoka galdu genituen jarraian, eta horrek taldean eragina dauka. Behin horri aurre eginda, momentu hobean gaude orain". Halere, Ruizen aburuz, taldeak "hankak lurrean" mantentzea ezinbestekoa da, egun batetik bestera gauzak aldatu eta "hankaz gora" jartzeko aukera dago eta. Arrazoi horregatik, gainontzeko taldeei baino gehiago, "talde barrura" begiratu gura du entrenatzaileak, nork bere lana "txukun" egin behar duela uste baitu. Eta lan ona egin ahal izateko Aloñako beste taldeen laguntza positiboki baloratu du Endika Ruizek: "Gure taldea indartzeko funtsezko ditugu beste taldeetako jokalariak; beharra dugunean gure taldearekin jokatzera etortzen diren horien laguntza".

Goian jarraitzea helburu

Hemeretzigarren jardunaldia jokatzear daudela, aurrerantzean puntuak eskuratzen jarraitu gura luke taldeak. "Emaitza onek taldeko dinamikan eragin zuzena dute eta". Denboraldi amaierari begira, bestalde, sailkapenaren goiko postuetan jarraitzea litzateke oñatiarren nahia. Edozelan ere, mailaz igo ahal izateko derrigorrez lehenengo postuan amaitu beharko lukete denboraldia, eta hori "zaila" dela aitortu du taldeko entrenatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak