Auto batek emakume bat harrapatu du Oñatin, Motxon kaleko negozio baten aurka

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 1a, 15:39

Emakumeak hanka bat zauritu du, eta handik gutxira anbulantzian eraman dute Debagoieneko ospitalera. Autoa gidatzen zuen gizonak autoaren kontrola galdu du, eta ibilgailua paretaren aurka joan da zuzenean. Une horretan bi emakume ari ziren bertatik igarotzen eta horietako bat kolpatu du kale horretan dagoen kebab jatetxearen atearen aurka. 

13:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Oñatiko Motxon kalean. Gidaria autoa aparkatzen ari zen eta halako batean ibilgailuaren kontrola galdu du.  Autoa oharkabean azeleratzen hasi da, eta ezin izan du gelditu. Hala, espaloitik zihoan emakume bat harrapatu du, kale horretan dagoen negozio baten aurka. Kolpatzerakoan negozioko atea zabaldu egin da, eta emakumea bizpahiru metro barrurago erori da. Lekukoen arabera emakumeak kolpe handia jaso du hanka batean, eta Debagoieneko ospitalera eraman dute zuzenean, lehenbailehen artatzeko. 

Negozioko arduradun Maite Alberdik azaldu du, atea ireki izanak istripua larriagoa ez izatea ahalbidetu duela neurri batean. "Antza denez, kolpatzerakoan atea zabaldu da eta emakumea barruraino sartu da. Kolpea paretaren aurka hartu izanez gero, gogorragoa izango litzateke". 

Iruditan ikus daitekeenez autoa erabat inkrustatuta geratu da negozioko sarreraren kontra. Udaltzainak eta larrialdi zerbitzuak segituan bertaratu dira, eta ostean, garabia etorri behar izan da autoa bertatik ateratzeko.

Jatetxeak kalte material nabariak ditu, sarrerako pareta guztia txikituta geratu baita.  Gidariak ez du zauririk jasan. Aipatzea, auto eskuratu berria zela, eta gidariak ez zeramala denbora asko hura gidatzen; auto automatikoa zen. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak