Kalejira, elkarretaratzea eta manifestazioa deitu dituzte Oñatin biharko

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 29a, 09:10
Greba deialdia jasotzen dituzten kartelak, plazako kioskoan

Biharko deituta dagoen greba orokorraren harira, Oñatiko greba batzordeak hiru ekintza antolatu ditu biharko: kalejira goizean, elkarretaratzea eguerdian eta manifestazioa iluntzean. Mobilizazioetan zaintza zerbitzua egongo da gaztelekuan. Herriko hainbat enpresak egingo dute bat grebarekin. Udalak ere bai.

Biharko, urtarrilak 30, deituta dagoen greba orokorraren harira, herriko hainbat enpresa eta zerbitzuk egin dute bat. Greba egingo dute, esaterako: Hijos de Juan de Garayn, Chinchurretan, Cegasa Energía Portil-en, Natran eta Ezpeletan. Ulma taldeko bi negoziok ere greba egingo dute: pakaging-ek eta eraikuntzak. Beste negozioetan ezezkoa atera da bozketetan. Berdin Lana eta Fagor Industrial kooperatibetan ere; enpresa horietan ez dute grebarik egingo. Beste enpresa batzuetan ez dute bozketarik egin eta enpresa zabalduko dute eta bertan ikusiko da zenbat langilek egiten duten greba eta zenbatek ez, Stadler-en adibidez.

Hiru ikastetxeak ere bat egin dute biharko greba orokorrarekin. MUko enpresagintza fakultatean botoen bi herenak behar dira emaitza loteslea izateko eta ez da lortu; beraz, emaitza ez da loteslea eta langile bakoitzak erabakiko du greba egin edo ez. Baita Oñatiko Udalak ere. Kiroldegia eta kultura etxea, esaterako, itxita egongo dira bihar baina udal euskaltegian ohiko eskolak emango dituzte. Jose de Azpiazu musika eskolan zerbitzu minimoak egongo dira.

Osasun zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte etxez-etxeko zerbitzua eskaintzeko. Mediku ere erizainen kasuan, bakoitzak berak erabakiko du greba egin edo ez; egunean bertan jakingo da zein mediku joan den lanera eta zeinek egin duen greba. Lanera joan denak bere pazienteak artatuko ditu; gutxieneko kontsulta presentzialak Arrasaten egongo dira.

Txanda dendarien elkarteak ez du bat egin deialdiarekin elkarte moduan, eta dendari eta komertzio bakoitzak erabakiko du bihar zabalduko duen edo ez.

Egitaraua

Bestalde, hauxe da Oñatiko greba batzordeak biharko prestatu duena:

  • 11:00etan, kalejira girotua Olakuatik erdigunera
  • 12:00etan, elkarretaratzea plazan
  • 18:00etan, manifestazioa herriko plazatik abiatuta, aldarrikapen geldialdiekin

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak