Berrikuntza askorekin hasi du denboraldi berria, gainera, 'Kantari'-k. Aitor Agiriano kazetaria egongo da oraingoan ere dena koordinatzen baina Amaia Txintxurretaren lekua Beñat Arizabaleta aretxabaletarrak hartu du, eta Oñatin egin du estreinaldia: "Oso pozik nago eta oso gustura". Dekoratua ere berria dute eta baita azken kantua ere.
Eta euren kantua ez ezik, azkena ere ikasita igo dira asteburuan parte-hartzaile oñatiarrak. Entseguak eginda, kantuen letra ikasita eta ondo pasatzeko asmoz. Guraso eta lagunak ere izan dira gaztelekuan, txaloekin euren ikuskizuna laguntzen eta animatzen. Artista gonbidatuak ere egon dira.
Aste Santura bitartean iritsiko da 'Kantari' saioa Debagoieneko gainerako herrietara. Telebistan, otsailaren 22an hasiko dira saioak emititzen; Oñatikoak izango dira lehenengoak.