XV. eta XX. mende bitarteko Oñatiko 29 kantu-liburu digitalizatu dituzte

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urt. 25a, 17:21
Digitalizatu duten kantu-liburu baten argazkia

Bidaurreta eta Santa Ana komentuetan, Araotzeko eta Oñatiko elizetan eta Arantzazuko santutegian gordetzen zituzten kantu-liburuak dira digitalizatu dituztena. "Gure kultura-ondasunaren zati garrantzitsu bat zela ikusita, Oñatiko hainbat liburu digitalizatzea erabaki genuen, beraien bizia luzatzearen aldeko asmoarekin", diote proiektuaren egileek.

2019. urtean zehar, Xabier Ugarte, Joxe Fernandez eta Juanjo Iturrioz (Donosti Ereski gregoriar scholaren izenean) izan dira digitalizazio-lan hau burutu dutenak. "Inprentarekin, batik bat, liburu eder eta izugarri hauek, sortzerako horrenbeste lana behar izan zutenak: ahaztuak, zokoratuak eta baztertuak geratu ziren. Denborak, kantu liburu hauetako asko, irentsi egin ditu, pipiak janda, hezetasunez hondatuta eta gizakiaren aldeko tratu txarra jasota: panderoak eginez, lanpara tulipak etab… Egoera honetaz jabetuta, eta gure kultura-ondasunaren zati garrantzitsu bat zela ikusita, Oñatiko hainbat liburu digitalizatzea erabaki genuen, beraien bizia luzatzearen aldeko asmoarekin. Digitalizazioak, dokumentu horien babesa eta iraunpena bermatzen duelako eta, horrez gain, haien atzipena izugarri errazten denez, edukia ere hedatzen du", dio hirukoteak.

Gure arbasoengandik jasotako ohiturak, kantak, objetuak, historiak eta antzerakoak "gure kultura-ondarea osatzen duen guzti hori kontserbatzera behartuta" gaudela uste du hirukoteak, "hurrengo belaunaldiei transmititzeko". Eta horregatik egin dute hau. Eta gaineratu: "Kultur ondare arkitektonikoa, arkeologikoa, industriala eta paisaia-ondarea begi bistakoak izanik, badugu guzti hori kontserbatzearen aldeko kontzientzi-sozial nabarmen bat. Bestelako kontsiderazioa izan dute ikusezin geratu diren beste ondare material batzuek: Artxibategietan (kasu onenean) eta Eliz-Komentuetan dauden kantu-liburuak adibidez, musika izan ala ez. Ahaztuak, baztertuak eta kontserbaziorako inongo instituzio-laguntzarik ez dutelako, egoera larrian daudenak".

Orain hondatuta ikusten diren dokumentuen eta libururen sorreran lan handia egon zela gogora arazi dute oñatiarrek:  "Erdi Aroan sortutako gregoriar kantak, lehenik ahoz-belarriz ikasiz mantentzen zirenak, halako batean kantu-liburuan biltzen hasi ziran: Koru-erdiko Atrilean, Fazistolean, zabaltzen ziren horietakoetan. Liburu bakoitzak izugarrizko lana zekarren: Larrua ondu behar zen, bertan idatz zezaten, larruan idazteko tintak: hainbat koloretakoak eta luzaroan mantenduko zirena, liburu azaleko burdinazko iltze, banda eta hertz egiteko eskulan berezia: era guztietako artisauak behar ziren horrelako kantu-liburuak egiteko".

Eta horietako 29 digitalizatu egin dituzte orain, denboran iraupen luzeagoa izan dezaten. Eskerrak eman gura dizkiete, bide batez, Bidaurretako eta Santa Anako mojei, eman dizkien "erraztasun eta laguntzagatik" eta Arantzazuko Juan Inazio Larreari "bere gertutasuna eta laguntzagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak