Ander Lizarralde: "Edonor ari da ETAz ahoz gora hizketan, militanteak izan ezik"

Maialen Santos 2020ko urt. 25a, 10:07

60ko hamarkadako mugimendu klandestinoari buruzko dokumentala da Oñatiko Ahuntzak. Ander Lizarraldek idatzi du gidoia, eta Xanti Ugarte arduratu da arlo teknikoaz. Bihar estreinatuko dute lana: Antixenako gaztetxean, 19:00etan.

Zer jasotzen du dokumentalak?

1966tik 1968ra bitartean Oñatin antolatu zen mugimendu klandestinoari buruzkoa da. Edonor ari da ETAri buruz ahoz gora hitz egiten, militanteak izan ezik. Zer diote eurek ? Ezin jakin. Tamalez, ez dago adierazpen askatasunik, eta luzerako izango dela ematen du.

Nolakoa zen Ahuntzak taldea? Zein helbururekin sortu zen?

Hasiera batean, ETAko kide ziren. 1967an, erakundetik banandu eta talde autonomoa sortu zuten; Komandos autonomos de ETA. Ahuntzak deitzen zieten mendian entrenatzen ibiltzen zirelako, baina izatez izendapenak ez dauka garrantzi berezirik, anekdota bat besterik ez da.

Oñatin kokatzen zen taldea?

Oñatin militante eta laguntzaile artean 30-40 lagun ibili ziren. Horrez gain, Arrasate, Durango eta Zornotza inguruetan jardun zuten, batez ere.

Zein material erabili duzue dokumentalerako?

Cabra taldeetan ibilitako kideak elkarrizketatu ditugu. Hemeroteka apur bat ere erabili dugu eta Xabier Zumalde Cabra-ren liburuetako irudiak ere baliagarriak izan zaizkigu proiektua aurrera eramateko.

Zein helbururekin egin duzue dokumentala?

Orain zenbaitzuek terroristatzat dituzten haiek nortzuk ziren, zer egiten zuten eta zergatik jakin nahi izan dugu; historia geuk idatzi dezagun, etsaiek egin baino lehen. Historia hurbilaren transmisio falta handia sumatzen dugu. Egia ofiziala ari da gailentzen. Bide batez, ohar bat; Cabra taldeetan militante eta laguntzaile izan zirenetako asko gero EAJra joan ziren.

Noiz eta non ikusi ahal izango da dokumentala?

Hiru emanaldi eskainiko ditugu: lehena domekan, 26an, gaztetxean; eta 28an eta 29an, kultura etxean. Denak, 19:00etan. Horrez gain, DVD formatuan salgai egongo da Arrano tabernan eta Txokolateixan. Hilaren 29an Youtubera igoko dugu, Oñatiko Ahuntzak izenarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak