Zer da Oñatz? izena ipini zioten solasaldiari eta helburua, besteak beste, sasoi desberdinetan Oñatzen ibili diren herrikideek euren bizitzan dantza taldeak izan duen pisuaz eta garrantziaz hausnarketa egitea izan zen. 50 urte atzera egin zuten atzo Gaztelekuan elkartu ziren 60 bat lagunek. Oñatzen sorrerako garaiak ekarri zituzten gogora, bai eta ondoren izan duen bilakaera. Askotariko gaiak jorratu zituzten, hala nola, Haurren Egunak, irteerak, bidaiak, Oñatzen kultur ekarpena, musikarien garrantzia, emakumearen papera...
Lan boluntarioa
Nabarmentzekoen artean, aipatu behar da Oñatz dantza taldeak sorreratik izan duen izaera mantentzen jarraitzeko beharra eta nahia azaldu zutela bertaratuek. "Guk jaso duguna ondorengoei transmititzea da orain gure betebeharra", adierazi zuten gaur egun talde nagusian dauden kideetariko askok. Izaera hori boluntariotzarekin dago erabat lotuta. Gogora ekarri behar da Oñatz dela Gipuzkoa osoan eredu hori mantendu duen dantza talde bakarrenetarikoa eta horri eustea dela erronketako bat.