Eskuragarri daude 'Gag Movie' antzezlana ikusteko sarrerak

Maialen Santos 2020ko urt. 17a, 12:25
'Gag Movie' obrako lau antzezleak (Argazkia: Gag Movie)

Madrilgo Yllana antzerki taldeak gidatutako obra hartuko du Santa Ana antzokiak domeka arratsaldean, 19:30ean. Lau antzezle ezberdin igoko dira oholtza gainera, ikus-entzuleak "zorabiatu" eta haiei barre eragitera. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Yllana antzerki taldeko kideak izango dira protagonista domeka honetan, urtarrilaren 19an, Santa Ana aretoan. Asko dira Yllanak gidatzen dituen antzezlanak; helduei zuzendutako Gag Movie eramango dute aretoko oholtza gainera. 19:30ean hasiko da ordu eta laurden inguru iraungo duen ikuskizuna.

Obra osatzen duten lau pertsonaiak Madrildik iritsiko dira herrira, batik bat, zinemari buruz hitz egitera. Hain zuzen, zinema nola egiten den, nola bizi daitekeen eta, "batez ere", zinemaz nola goza daitekeen jakiteko argibideak ematen jardungo dute ikuskizunak iraun bitartean. Aurreratu dutenez, ikuskizun "zorabiagarria" izango da, oso azkarra, zeinetan umorea beste guztiaren gainetik gailenduko den. Hala, "fotograma bakarrean" garatuko dute istorio guztia.

Ikus-entzuleekiko konexioa

Cesar Maroto, Carlos Jano, Ruben Hernandez, Susana Cortes eta Antonio de la Fuente antzezleak arituko dira oholtza gainean; eta bertatik kanpo, antzezlanaren parte den gainontzeko lantaldea. Yllanako taldekideek eurek azaldu dutenez, agertoki gainean errekurtso gutxi erabilita saiatuko dira publikoarengana heltzen, hori izango baita antzezleen erronka nagusia: ikus-entzuleekin konektatu eta tarte on bat pasatzea.

Sarrerak eskuragarri

Antzezlana ikusteko sarrerak aurretiazko salmentaren bitartez eskuratu daitezke dagoeneko, hamar euroren truke. Txokolateixan, leihatila digitalean edota www.onati.eus webgunean daude salgai horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak