Aimar Erostarbe: "Errepideko lasterketekin hasteko iaz baino hobeto nago"

Maialen Regueiro 2020ko urt. 17a, 10:10

Ziklo-kros modalitateko hamabost lasterketa izan ditu aurretik denboraldi honetan Aimar Erostarbe txirrindulari oñatiarrak. Azkena Ormaiztegikoa izan da, eta, bertan lortutako emaitzarekin, Gipuzkoako ziklo-kroseko txapelduna da.

Pozik egoteko ziklo-kros denboraldia egin duzu.

Bai. Guztira, hamabost lasterketatan hartu dut parte eta Zornotzakoan irabazlea izan nintzen, nahiz eta gainerakoetan ere emaitza onak lortu ditudan. Egia esan, pozik nago lortu dudanarekin.

Zein balorazio egiten duzu?

Denboraldi hau gazte mailako lehena da niretzat eta maila aldaketa, gehienbat, denboraldi hasierako bi lasterketetan nabaritu nuen. Baina, gutxinaka, mailara egokitzen joan naiz eta gustura aritu naiz lasterketetan.

Zein da kadete mailatik gazte mailara nabaritu duzun aldaketa nagusia? Zergatik?

Aldaketa nagusia txirrindulariek duten maila dela esango nuke. Horrez gain, lasterketa asko nazioartekoak izaten dira; kasu horietan, kanpoko txirrindulariek hartzen dute parte, eta maila igotzea eragiten du.

Oñatiko ziklo-krosa hirugarren postuan amaitu zenuen eta oñatiar onena ere izan zinen. Nola oroitzen duzu lasterketa hura?

Egia esan, Oñatiko lasterketan lortutako emaitzarekin pozik nago, baina ez zen nire egunik onena izan. Sentsazio onak izan nituen arren, arazo mekanikoen oroitzapena dut: katea irten zitzaidan eta gurpilean zulatua izan nuen.

Nola hasiko duzu errepideko denboraldia?

Bada, Gipuzkoako ziklo-kroseko txapelduna izateak izugarrizko indarra eman dit errepideko denboraldia hasteko. Izan ere, honek, gehienbat, kategoria berrian nola nagoen ikusteko balio izan dit.

Fisikoki nola iritsiko zara errepideko lasterketetara?

Denboraldia otsail amaieran hasiko da eta irailera arte iraungo du. Fisikoki iaz baino hobeto nagoela esango nuke. Helbururik baduzu finkatuta? Iaz bezala, Euskadiko Selekzioarekin Espainiako Txapelketan parte hartzea, posible bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak