Nazioarteko lankidetza eredu berriei buruzko solasaldia egingo du eguaztenean Baltistan Fundazioak

Maialen Santos 2020ko urt. 13a, 11:25
Baltistango emakume talde bat, josten (Argazkia: Baltistan Fundazioa)

Oñatiko kultura etxean izango da, 19:00etan; solasaldia egiteaz gain, Pakistango Hushe ibarreko emakumeei buruzko dokumentala ere eskainiko dute.

Baltistan Fundazioak antolatuta, ekitaldia egingo dute etzi, eguaztenean, kultura etxean. Baltistan Fundazioa nazioarteko lankidetza eredu berrien bila dabil egun, eta, horiek bilatzea helburu, orain arte egindako bideari buruz jardungo dute hizketan. Hain justu, orain arteko esperientzia oinarri hartuta gaur arte indarrean egon diren ereduen inguruan gogoeta egin gura dute. Horretaz gain, Baltistan Fundazioak Karakorumgo –Pakistan, India eta Txina arteko– ibar baztertuan egiten dituen lanen azalpen labur bat emateko ere baliatuko dute eguazteneko hitzordua.

Hasteko, film laburra

Ekitaldiari hasiera emateko, I forgot myself somewhere izenburua duen film laburra eskainiko dute, zeinak Hushe ibarreko emakumeen "bizitza gogorraren" ideia xume bat eskaintzen duen, Baltistan Fundaziotik adierazi moduan. Baltieraz eta ingelesez emango dute, baina gaztelerazko azpitituluez lagunduta.

Film laburraren ostean solasaldiari ekingo diote, hiru parte-hartzaile izanik protagonista. Shazia Maryam Oñatiko Mondragon Unibertsitatean ikasten jardun den neska baltiar gaztea da, herrian ikasitako metodologiak Baltistanen eta Hushe ibarrean praktikan jartzeko konpromisoa agertu duena. Maryam ez ezik, giza-eskubideen eta demokraziaren aldeko borrokan "erreferentea" den Pedro Ibarra ere bertan izango da, baita Fundazioko partaide Alberto Iñurrategi mendizalea ere. Sarrera doakoa eta interesa duen edonorentzat izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak