Astelehenean zabalduko dute Eltziako gimnasioa

Maialen Santos 2020ko urt. 10a, 11:13

Zubikoa kiroldegiko berritze lanak direla eta, Eltziara lekualdatu dute gimnasioa. Astelehenetik aurrera erabili ahal izango dira muskulazio gela eta baita fitness ekintzetarako beste bat ere. Bi aldagela ere egokitu dituzte; dutxarik ez dute jarriko

Abenduaren 31 izan zen Zubikoako gimnasioa eta igerilekua erabiltzeko azken eguna, aurrerantzean kiroldegian berritze lanak egingo dituzte eta. Ordutik, kiroldegiko gimnasioa Eltziara lekualdatu eta egokitze lanetan aritu dira. Astelehenean irekiko ditu ateak Eltziako gune egokituak eta aste betez –urtarrilaren 13tik 20ra– herritar orok erabili eta probatu ahal izango ditu Eltziako gune horiek. Hortik aurrera, Zubikoako lanek iraun bitartean egin ahal izango da kirola bertan.

Muskulazio eta fitness gelak

Guztira kirola egin ahal izateko bi gela egokitu dituzte Eltzian. Alde batetik, gimnasioa jarri dute bertan, Zubikoako makineria bertara eramanda. Bestetik, fitness ekintzak aurrera eramateko gela ere jarri dute. Hain zuzen, body tono, body balance, zumba, zumba step, zumba strong eta gimnasia terapeutikoa egiteko baliatuko dute espazio hori –gainontzeko ekintzak Zubikoan egingo dira–. Maite Anton Udaleko Kirol zinegotziak azaldu moduan, bertako erabiltzaileendako bi aldagela ere prestatu dituzte; dutxarik, ordea, ez dute egokitu.

Sartzeko, txartelaren beharra

Oñatiko kirol zerbitzuetako abonatuak sartu ahal izango dira aurrerantzean Eltziara, baina horretarako txartel baten beharra dagoela azaldu du Antonek: "Zubikoako harreran bertan eskatu daiteke txartela, horrekin Eltziara sartu ahal izateko". Ordaindu beharreko kuotari dagokionez, iazkoarekin alderatuta %38 jaitsi dute urteko abonamendua. Dutxatzeko aukerarik eta igerilekurik aurten ez dela izango kontuan hartuta, "proportzionalki" egindako kalkulua da. Antonek azaldu duenez, abonatuei kuota beranduago kobratuko zaie aurten: "Normalean, urtarril hasieran ordaindu behar izaten da; aurten, ordea, ate irekiak egingo ditugunez, gutxienez urtarril amaiera arte ez da ordaindu beharko", dio.

'Mugiment' txartela, erabilgarri

Dagoeneko erabilgarri dago Debagoienean Mugiment kirol txartela –inguruko herrietako kirol zerbitzuak erabiltzea ahalbidetzen duena–, eta jendea hasia da, esaterako, beste herrietako igerilekuetara joaten: "Bergara eta Arrasaterekin egindako hitzarmenari esker, oñatiarrak nahi dutenean joan ahalko dira bertako igerilekuetara". Eta dio "positiboa" dela jendea beste herrietara "mugitzen" hasi izana, Oñatiko igerilekuan hasiak dira-eta berritze lanak egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak