Kultur ekitaldiz beteta datoz Gabonak herrira. Adin guztietarako herritarrek gozatzeko moduko ekitaldiak izango dira, baina, bereziki umeengan pentsatuak. Gaur, egubakoitza, esaterako, XUP! Taldeak Kontraizanak antzezlana eskainiko du, 22:30ean, Santa Ana Antzokian. Sarrerak 4 euro balio ditu Txokolateixan eta 5 euro leihatilan.
Talde gaztea
XUP! antzerki taldea osatu dute 15 eta 18 urte bitarteko zortzi oñatiarrek –aurrez Irazan Antzerki Guneko kideak– eta arrasatear batek. Hilabetetako lanaren ostean, gaur, egubakoitza, taularatuko dute Kontraizanak izeneko antzezlana. Bertan, gaur egungo gizartean gazteek dituzten kezkak eta buruhausteak jorratuko dituzte. "Antzerki talde batek ikasturte berriari hasiera ematen dio eta egun batean, gela batean giltzapetuta geratzen dira. Gela horretan, hainbat gertaera gertatzen dira, non helburua gazteek ditugun kezkak eta buruhausteak azaltzea den", azaldu dute taldeko kideek.
Olentzero eta Mari Domingi
Abenduaren 24a, datorren martitzena, urteko egunik bereziena izango da asko eta askorendako eta bereziki etxeko txikienendako. Bada, azken urteetako joerari jarraituz, Olentzero eta Mari Domingi plazara etorriko dira, bertan, umeei, euren es-kariak entzutera. Musika Eskolak, Haitzondo Kuadrillak eta Algaraz Elkarteak antolatu dute aurten harrera ekitaldia.
Potx eta Lotx, 'Etxean'
Abenduaren 27an iritsiko da Potx eta Lotx pailazo oñatiarren txanda. Pailazoek, haien taldekideekin batera, Santa Ana Antzokian egingo dute Etxean ikuskizuna, 17:00etan hasita. Sarrerak eskuragarri daude 3,5 eurotan www.onati.eus webgunean, Txokolateixan eta leihatila digitalean. Etxean ikuskizuna maiatzean estreinatu zuten eta ordutik hara eta hona dabiltza ikuskizunarekin. Bertan, etxeko egun bat irudikatzen dute pailazoek. "Osabak etxetik irten beharra eduki du eta gu bakarrik geldituko gara etxean", azaldu du Josu Zubiak. "Aspertzearen aldeko aldarria da ikuskizuna, izan ere, aspertzeak, sorkuntzari eta buruari eragiteari ateak zabaltzen dizkio. Oso garrantzitsua da aspertzea", gaineratu du.
Kontzertu didaktikoa
Ganbara Txikik antolatuta, Ko-loretako Munstroa kontzertu didaktikoa egingo da urtarrilaren 4an, zapatuan, Santa Ana Antzokian. Munstro bat da protagonista, "sentimenduek korapilo handi bat eragin diote gor-putzean munstroari eta kaos handi bat du bere barruan", adierazi du Ganbara Txikiko zuzendari Aitor Biainek. "Munstroa joango da emozioak ezagutzen, kudeatzen eta barrutik ateratzen. Emozioen inguruko kontzertu izango da, musika, eta antzerkia uztartuko dituena". Sarrerak eskuragarri daude Txokolateixan. Salneurria 8 eurokoa da; 10 urtera artekoendako 5 eurokoa.
Errege kabalgata eta gehiago
Errege bezpera –urtarrilaren 5a– da kontuan hartu behar izaten den beste egun horietako bat. Hiru erregeek, etxeetara iritsi aurretik, Oñatiko kaleetan egingo dute zeharkaldia. Ondoren, udaletxeko osoko bilkuren aretoan harrera egingo diete gaztetxoei. Gainera, gau horretan bertan, askorendako hitzordu bilakatu den Errege bezperako bertso saioa egingo dute Zubikoa kiroldegian, Txinparta Bertso Eskolak antolatuta. Hurrengo egunean, Eguberriei bukaera emanez, Musika Bandak kalejira eta kontzertua egingo ditu.