Lokatzak gogorrago egin du berez gogorra den zirkuitua

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko abe. 15a, 18:08

Lokatzak asko gogortu du gaur Oñatin jokatutako ziklo-krosa. Horren adierazle da, elitea mailan, gizonezkoetan, 12 txirrindularik bakarrik amaitu dutela lasterketa –48 irten dira–.

Azken egunotan egindako euriak lokaztu egin du Urrutxuko zirkuitua. Hala, lokatz gogorra, gurpilei eta kateari ondo itsasten zaiona izan dute gaurko lasterketan ziklistek. 2,5 kilometroko zirkuituan ibili dira.

Lehenengo Master-50, Master-40 eta Master-30 mailakoen txanda izan da. Horietan nagusitu dira, hurrenez hurren: Xabier Mendiaraz, Andoni Jimenez eta Jon Urteaga.

Ondoren kadeteen txanda izan da. Emakumezkoetan Lidia Taras izan da onena eta gizonezkoetan Gari Ugarte. Oñatiar onenaren saria jaso du Xabat Castañosek.

Gazteen txanda

Gizonezko gazteek eta emakumezko gazteek, 23 urtez azpikoek eta masterrek elkarrekin egin dute lasterketa. Nabarmendu behar da gazteen mailan hiru oñatiar zeudela: Aimar Erostarbe, Aritz Torres eta Unai Cueva. Bada, Erostarbe oso indartsu irten da hasieratik eta hirugarren postuan amaitu du lasterketa. Gainera, oñatiar onenaren saria jaso du.

Gazteen mailako irabazlea Adrian Losarcos izan da.

Emakumezkoak

Emakumezkoetan Olatz Odriozola izan da onena, 57.25.612 denbora eginda. Bigarrena Zaloa Trevilla –3.32.858ra– izan da eta hirugarrena Monica Carrascosa –4.43.872ra–. "Ondo ezagutzen dudan zirkuitua da: gogorra da, batez ere eskaileren zatia. Esan daiteke hori dela Oñatiko ziklo-krosaren bereizgarria, eskailerak!", esan du Odriozolak amaieran. Egindako lasterketarekin pozik zegoen, eta nola ez, baita garaipenarekin ere.

Gizonezko eliteak

Azkeneko txanda izan da gizonezko eliteena. 48 ziklistek hasi duten lasterketa baina amaitu 12k besterik ez dute egin. Aitor Hernandez izan da garailea helmugan eta itzuli azkarrena ere berea izan da: 7.43.694.  Elite mailakoek zazpi itzuli egin dizkiete zirkuituari. Fernandezek 58.06.043ko denbora egin du; Miguel Sanchez izan da bigarrena 1.58.606ra; eta, Julen Zuberok hirugarren egin du 2.29.903ra.

"Lasterketa gogorra izan da baina espero moduan joan da", azaldu du txapeldunak amaieran.

Eskolartekoen aukera

Aurtengoan ere, eskolartekoek aukera izan dute bizikleta hartu eta zirkuituko lokatz artean ibiltzeko. Goiko partean hasi dute lasterketa –ez dituzte eskailerak igo–; goiko baso zatia egin ondoren guztiz lokaztuta zegoen aldapa jaitsi behar izan dute. Abilezia bikaina dutela erakutsi dute gehienek, nahiz eta baten batek frakak lokaztuta eraman etxera.

 

Erlazionatuak

Oñatiko ziklo-krosa iruditan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019 abe 15 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak