Bi bateria-jole dituzten bi talde, gaztelekuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko abe. 13a, 14:46
Oñatiko gaztelekuan Irungo Lisabö taldeak kontzertua egingo du zapatuan. Argazkia: Galder Izagirre.

Irungo eskarmentu handiko Lisabö eta Hazparneko Alba taldeek kontzertua egingo dute bihar, zapatua, Oñatiko gaztelekuan, 22:30ean hasita. Sarrerak hamar eurotan eros daitezke leihatilan, eta, aurrez, Oinati.eus atarian eta leihatila digitalean.

2012an Animalia lotsatuen putzua lanarekin ziren Oñatiko gaztelekun jotzekoak, baina taldekide bat gaixo zegoela-eta azken orduan bertan behera utzi zuten Inoreneroni taldearekin partekatu behar zuten kontzertua; horregatik, gogotsu daudela dio Lisabö taldeko Eneko Aranzasti bateria-joleak.

Abenduaren 14an izan zen ordukoa, eta hala izango da oraingoan ere: bihar, zapatua, 22:30ean. Hazparneko (Lapurdi) Alba taldea izango dute taularen gainean lagun. Sarrerak 10 eurotan eros daitezke; aurrez Oinati.eus atarian eta leihatila digitalean eskuragarri.

Iaz, azkeneko lana

Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen da euren azkeneko lana. Iaz abenduan kaleratu zuten, zaleentzako sorpresa izan zena: "Inori ezer esan barik lanean isilik ibili ginen. Sarritan, ez dugu jakiten bukatzea lortuko dugun; hortaz, dena prest zegoenean zabaldu genuen disko berria genuela askoren harridurarako. Aurrekoarekin konparatuz, esango nuke abesti berriak ez direla horren ilunak, argi apur bat gehiago dute".

Pozik daude emaitzarekin eta zaleen artean harrera ona izan duela dio Aranzastik. "Martxoan hasi ginen zuzeneko kontzertuekin, Intxaurrondon izan zen lehenengoa, eta geroztik Euskal Herrian eta Espainian hainbat tokitan ere izan gara; betiko lagunen artean, gehienetan".

Taldekide berriak

1998an sortu zuten taldeak ibilbidean zehar hainbat formazio aldaketa izan ditu. Azken aldaketak aurreko biraren amaieran izan zituzten eta "gertuko kide batzuk fitxatuta" osatu zuten seikote berria; hori horrela, honako hauek dira orain Lisabö: Karlos Osinaga Txap eta Jabi Manterola, gitarrarekin eta abesten; Sergio Gonzalez eta Eneko Aranzasti bateria-joleak, eta Borja Toval eta Xabi Zabala baxuarekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak