Eskolartekoek ere parte hartuko dute Oñatiko ziklo-krosean

Mireia Bikuña 2019ko abe. 13a, 09:51
Hainbat ziklista 2018ko lasterketan.

X. sarian adin tartea zabalduko dute aurten ere. Kirola ezagutu gura dutenetatik hasi, eta elite mailan dihardutenera arte lehiatuko dira Euskadiko Challenge zirkuiturako puntuagarria den proban. Garagaltzarako bidea 09:00etan itxiko dute.

Euskadiko Challenge zirkuitua bukatzeko bost proba geratzen dira, Oñatikoa barne. Horietan zehaztuko dira zeintzuk diren aurtengo txapeldunak. Horrek esan gura du oraindik ere puntu asko daudela jokoan eta sailkapenaren goiko lekuetan dauden txirrindulariek lana gogotik egin beharko dutela. Horrek guztiorrek bermatzen du punta puntako ziklistak egongo direla Oñatiko zirkuituan. Goi mailako txirrindulariak diren horiei begira egongo dira eskolarteko mailan dabiltzan ziklista gazteak. Aurten ere, aukera izango dute lasterketako ibilbide berean bizikleta gainean trebatzeko. 11:00etan hasiko da euren lasterketa. Mendiko bizikleta erabili beharko dute, eta derrigor ipini beharko dute kaskoa. 10:00etan zabalduko da izen-ematea txikienendako. Urrutxuko zirkuituko goranzko eta beheranzko aldapak probatzeko aukera izango dute.

Ibilbidean aldaketarik ez

Izan ere, Aloña Mendi txirrindularitza sailak apenas egin du aldaketarik azken urteetako zirkuituan. Irteera puntua Usako aldera ematen duen errepidean egongo da. Metro gutxira, eskuinetara, zelaira sartuko dira. Basotik errepidera irtengo dira berriro, eta, eskailerak igota, Urrutxuko zelaiguneko ibilbidea egingo dute, eta berriro errepidera irtengo dira, Garagaltzan behera. Zirkuitu horretan lehiatuko dira kategoria guztiak, gizonezkoak eta emakumezkoak: kadeteak, gazteak, 23 urtez azpikoak, eliteak eta masterrak. Azken horiek, adinaren arabera, maila ezberdinetan banatuko dira.

Etxeko ziklistak

Arrikrutz taldeko ziklistek arreta berezia piztuko dute domekan. Etxekoak direlako, baina, bereziki, denboraldi bikaina egiten dihardutelako. Kadete mailan lehiatuko dira Xabat Castaños eta Markel Zubia; eta gazte mailan Aritz Torres, Unai Cueva eta Aimar Erostarbe. Hain justu ere, Cueva bigarren lekuan dago Euskadiko Challengeko sailkapenean. Orain arte jokatutako probetan hirutan igo da podiumera. Egiten diharduen lanaren ordaina Pontevedran jokatuko den Espainiako Txapelketan jasoko du. Aimar Madina kadeteak ere bikain dihardu aurten, baina ez da etxeko proban egongo. Asteburuan Valentzian egongo da, Euskadiko Selekzioaren elastikoarekin. Ziklo-krosaren harira, Garagaltza auzora doan errepidea itxita egongo da 09:00etatik 13:30era. Auzora joateko Lamiategiko bidea erabili beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak