Merkataritza Biziberritzeko Plana eguneratzen hasi da Udala

Maialen Regueiro 2019ko abe. 11a, 17:16

Oñatiko Udalak jakinarazi du, Merkataritza Biziberritzeko Plana eguneratzeko egitasmoari hasiera eman diola eta Aste Santuan bukatuko litzateke herriko merkataritzari lotutako diagnostikoa.

Egungo merkataritza eta zerbitzu sistemaren egoera

Diagnostikoak gaur egungo merkataritza eta zerbitzu sistemaren egoeraren azterketa sakona eskainiko du eta ondoren egingo den ekintza plana diseinatzeko ezinbestekoa izango da. Azterketa hau egiteko erabiliko den metodologiak, herriko merkataritzako eragileen parte-hartzea bermatzen du.

Gauzak horrela, Xabier Igartua Sozioekonomia zinegotziak honakoa adierazi du: “Herriko kaleei bizitza emateaz gain, harreman pertsonalak garatzeko aukerak zabaltzen ditu herriko merkataritzak. Horrez gain, merkatarien eta herritarren arteko aurrez aurreko harremana bermatzen du, konfiantzan oinarritutakoa. Finean, tokiko merkataritza beharrekoa da herri baten kohesiorako”. Horrekin batera, honakoa argitu du: "Merkataritza biziberritzeko plan hau aurrera eramateko konpromisoa hartu genuen eta horretan dihardugu. Diagnostikoaren ostean, ekintza plana definituko dugu eta hura garatzen hasiko gara lehenbailehen”.

Aste Santuan bukatuta

Azterketa fasea 2020ko Aste Santuan amaituko litzateke eta ondoren, ikerketaren emaitzak aurketuko lirateke. Aipatutako azterketa, Siadeco enpresak egingo du. Horrekin batera, asmoa da Oñatiko herri merkataritza jarduerarekin lotuta dauden eragileen arteko kolaborazio-egitura publiko-pribatuak sortzea eta horrela, merkataritza bultzatuko duten estrategiak garatzeko.

Ekintza plana

Ekintza planean, udalerriko gune zehatzen analisia, egungo egoeraren azterketa eta etorkizuneko aurreikuspena eta epe laburreko eta ertaineko neurriak zehaztuko dira, modu horretan, esku-hartze urbanistiko komertzialak eta sektoreari dagozkionak uztartuko direlarik. Horregatik helburuak dira, herriak dituen ezaugarrien eta aukeren arabera, ahalik eta orekatuena den egitura komertziala mantentzea eta erakarpen komertziala bultzatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak