Gazteen kezkak
Horixe da antzezlanaren bitartez XUP! taldeko gazteak adierazten saiatuko direna. "Antzerki talde batek ikasturte berriari hasiera ematen dio eta egun batean, gela batean giltzapetuta geratzen dira. Gela horretan, hainbat gertaera gertatzen dira, non helburua gazteek ditugun kezkak eta buruhausteak azaltzea den", azaldu du Malen Perez de Arenaza XUP! taldeko kideak. Gauzak horrela, guraso gabeko gazteek bizi duten errealitatea, emakumeen sexualitatea eta parrandak izango dira antzezlanean jorratuko dituzten gaietako batzuk. Proiektu hau aurrera eramateko, XUP! taldeko kideek informazio bilketa egin behar izan dute, eta, horrekin batera, antzezlanaren kontakizunean norberaren bizipenak gehitu dituzte.
Antzezlana eta proiektua
Perez de Arenazak, gainera, antzezlanari eta proiektuari buruzko xehetasunak eman ditu: "Antzezlanaren gidoia eta pertsonaiak taldeko kideen artean osatu ditugu. Proiektua aurrera eramateko, berriz, hasieratik taldetan banatuta egin dugu lan eta talde bakoitzak ardura batzuk izan ditu: komunikazioa, dekorazioa edo jantziak, besteak beste".
Etorkizunera begira
Oraindik antzezlana taularatu ez badute ere, XUP! taldeko kideek, momentuz, feedback positiboa jaso dute herritarren aldetik. "Jendea gogotsu dago gure antzezlana ikusteko eta horrek asko pozten gaitu", adierazi du Perez de Arenazak. Horrekin batera aipatu du antzezlana herritarrei erakutsi ostean talde gisa balorazio bat egingo dutela eta erabakiak hartuko dituztela, etorkizunera begira.
Sarreren salmenta
Kontraizanak antzezlana ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko Txokolateixan, lau eurotan. Horrez gain, egunean bertan Santa Ana antzokiko leihatilan eskuragarri egongo dira, bost eurotan.